Ramon SOLA
DONOSTIA
GIPUZKOA • ZAINTZA ETA FISKALITATEA, KANPAINAREN GAKO

«Helduen erresidentziak erosten ditugu», Gipuzkoako egoeraren isla

Tolosako Iurramendi egoitzan hartutako irudia.
Tolosako Iurramendi egoitzan hartutako irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zerga sistema eta zaintza, zaintza eta zerga sistema. Elkar gurutzatzen diren bi aldagai hauek ezaugarritzen dute hauteskunde kanpaina Gipuzkoan, beste ezerk baino gehiago. Fiskalitatearen inguruan ezberdintasun nabariak azaltzen dituzte alderdiek, batetik EAJ eta PP direla, eta bestetik, hitzez behintzat, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos. Adinekoen zaintzari dagokionez, kezka bera azaltzen dute denek, baina hori bide publikotik eta doakotasunetik ala alde pribatutik eta kopagoaren bidez bideratu behar den eztabaidagai dute.

ETB-1en astelehen gauean egindako eztabaidara Gipuzkoako egunkari batean agertu berri den iragarkia eraman zuen Maddalen Iriartek, EH Bilduko aldungai nagusiak. «Compramos residencias de mayores [Helduen erresidentziak erosten ditugu]», dio, iragarleek asmorik batere ezkutatu gabe. Ondorio garbia atera zuen Iriartek: zaintzarekin aberastu nahi duten horiek «Gipuzkoa begiz jota dute» eta hori saihesteko gai hau soilik «publikotik» jorratu daiteke.

Adierazpen hau ez zuen ukatu EAJko Eider Mendozak, baina beraien eredua defendatu zuen, eta Irungo Arbes auzoan egin asmo duten erresidentzia jarri zuen adibide gisa, «kooperatiba» moduan landuko dela esanez. Honi aurre egin zion, ordea, Miren Echeveste Elkarrekineko hautagaiak: «Ez, Mondragonena da, enpresa batena da».

HITZAK ETA EKINTZAK

Mendozak onartu zuenez, nabarmen zahartutako Gipuzkoan «sekulako ahalegin kolektiboa behar da» adineko bakoitzak nahi duen arreta mota eskaintzeko. «Baliabideak bikoiztu beharko dira», ziurtatu zuen; eta «nola egingo duzue zuek?», galdetu zion EH Bilduko hautagaiari, mesfidantzaz.

Esanak esan, agian Iriartek erakutsitako iragarkia mintzo da hautagaiak baino garbiago afera honetaz.

Zaintzatik zerga sistemara, txanpon bereko bi aldeak baitira. Iriartek marraztu zuen lotura: «Gaur egun ez dira zaintza duinak bermatzen. Horre- tarako dirua behar da, zergen inguruko eztabaida zabaldu behar da. Orain da unea».

Aldatu beharrarekin bat egin zuten Echevestek zein Asensiok. Elkarrekineko zerrendaburuak ziurtatu zuenez, «gobernatzen dugun tokietan PSOE horretara bultzatu dugu. Errenta altuenetara jo behar dugu». PSEko hautagaiak 2011-2015eko legealdian Bildurekin hitzartutako Aberastasun Handien Zerga defendatu zuen, «elkartasuna hori delako». Iriartek aurpegiratu zion, orduan, PSEk hitz onak dituela arlo honetan, baina gero EAJren eskutik joaten dela. Aldundiak orduan baino 11 milioi euro gehiago jasotzen dituela erantzun zion Asensiok.

Beste hirurengandik bereizi zen Mendoza atal honetan. Bere ustez, «ezin da zerga sistema etengabe birpentsatzen aritu». «Epe luzeko begirada behar du. Gure sistema progresiboa da eta krisiari aurre egiten lagundu digu», ziurtatu zuen. Gainerako alderdietako ordezkarien posizioetan «eslogan gehiegitxo» antzematen zuela ohartarazi zuen Aldundiaren eleduna izan denak.

PPko Mikel Lezamaren irudiz ere, zerga sistema «epe luzera» pentsatu behar da, eta familiekin nahiz enpresekin «sentsibilitate askoz handiagoarekin erabili». Gaizki ikusten du etengabe esatea erakundeak diruz beteta daudela, «klase ertaina oso egoera txarrean dagoenean. Helburua ez baita erakundeek gero eta diru gehiago izatea».