Migranteen ia %60k enplegua dute EAEn, gehienek zerbitzuetan
Ikuspegi Behatokiaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren etorkinen ia %60k enplegua dute, gehienek (%75,5) zerbitzuen sektorean. Orokorrean, emakumeek lanaldi ez osoak dituzte eta zerbitzuetan aritzen diren migratzaileen %95 dira.
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak biztanleria etorkin landunari buruzko azken txostenean jasotzen duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren migranteen ia %60 lanean ari dira, gehienbat zerbitzuen sektorean. Sektore horretan aritzen diren %95 emakumeak dira, gizonak industrian eta eraikuntzan ere jarduten baitira.
Eustaten eta Lanbideren Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestako (BJA) datuekin egindako txosten horren arabera, emakume etorkinen laneratzea (%52,7) gizonena (%68) baino 15 puntu txikiagoa da.
Bestalde, enplegua duten atzerritarren %69,7k kontratu mugagabea dute; %26,4k, aldi baterako kontratua dute, eta %3,9 kontraturik gabe ari dira.
%73,1ek lanaldi osoa du. Arlo honetan, ordea, alde handia dago generoari dagokionez; izan ere, lanaldi osoa duten emakumeen ehunekoa (%56,2) gizonena (%89,5) baino dezente txikiagoa da, 30 puntutik gorako aldearekin.
BILAKAERA POSITIBOA
Inkestak migratzaileen enpleguak pandemian izan duen bilakaera ere aztertu du, eta egiaztatzen du landunen ehunekoa nabarmen jaitsi zela lehen urtean (2019tik 2020ra, 6,1 puntu gutxiago), baina goranzko joera berreskuratu zuela 2021ean.
2019ko landunen ehunekoaren antzekoa lortu zen 2022an eta goranzko joera ikusten da 2018tik 2019ra.
Generoari dagokienez, kontratatutako emakumeen kopurua beti txikiagoa izanik, 2020tik kontratatutakoen kopuruaren goranzko joera ageriagoa da emakumeen artean.