Iraitz MATEO
DONOSTIA
HAUTESKUNDEAK

Lauko «gobernantza kooperatiboa» eratzeko deia zabaldu du Iriartek

Gipuzkoan «lidergotza zabala» eraikitze aldera, EH Bilduko Maddalen Iriartek gobernagarritasunerako lauko akordioa proposatu die EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi. Oinarrizko gaien berri eman zuen: zaintza, krisi klimatikoa, Ipar Euskal Herriarekin harremana, euskara, zerga sistema eta gobernantza feminista.

Maddalen Iriartek Gipuzkoako EH Bilduko ahaldunekin egindako agerraldia, Donostian.
Maddalen Iriartek Gipuzkoako EH Bilduko ahaldunekin egindako agerraldia, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoaren gobernagarritasunerako lauko akordioa proposatu zien EH Bilduk EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosi. Atzo goizean, Donostian dagoen Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean agerraldia egin zuten. Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, egungo garaian, etorkizuna «ezberdinen» artean eraiki behar dela azaldu zuen, eta horretarako «lidergotza konpartitua» eratzearen proposamena egin zien gainerako alderdiei. Oinarrizko akordioa eratzeko lan ildoen berri ere eman zuen, erantsiz bestelako gaiak sartzeko ere prest legokeela alderdi subiranista.

Iriartek adierazi zuen sinetsita dagoela lurralde eta herri gisa dauden erronkei erantzuteko garaia dela, eta Gipuzkoak dituen baldintzak aprobetxatu eta «lehen mailako herrialdea» izan dadin gobernagarritasun akordio zabal baten alde egingo duela. «Gipuzkoarrek erabaki dute EH Bilduri dagokiola halako proiektu partekatu baten lidergoa hartzea», esan zuen, maiatzaren 28an jasotako botoei erreferentzia eginez.

Elkarrekin Podemosekin jada elkarrizketak abiatu dituela eta datozen egunetan gainontzekoekin gobernantza eredu hori adostea izango duela lehentasuna adierazi zuen Iriartek: «Alderdiak tresnak baikara, ez helburu». Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko ahaldungaiak adierazi zuen ez daudela prest Gipuzkoako politikei buelta emateko premiarekin bat ez daudenekin gobernua osatzeko. Eta EH Bilduren proposamena kritikatu egin zuen: «Egungo herritarren eskubideen murrizketa egoerara eraman gaituztenekin gobernu programa bat partekatzea proposatzea eta, aldi berean, ziklo aldaketa bat eskatzea ez da serioa, ez eta errealista ere».

SEI GAI NAGUSI MAHAIAN

Lau alderdien arteko oinarrizko proposamenaren inguruko ildo nagusiak azaldu zituen. Lehendabizikoa zaintzaren gaia izan zen: «Zaintza sistema publiko komunitario baterantz trantsizio bat marraztu behar da, erreferentzia publiko bat izango duena, baldintzak hobetuko dituena eta sektorearen eta erabiltzaileen ahotsa bermatuko duena». Bigarrenik, krisi klimatiko eta energetikoari erreferentzia egin zion. «Garapen ereduan hausnarketa partekatu bat eskatzen du honek», nabarmendu zuen, eta industriak egin beharreko aldaketak, mugikortasun ereduko aldaketak eta lehen sektorearen indartzeaz mintzatu zen Iriarte.

Gipuzkoaren kokapena kontuan hartuta, Ipar Euskal Herriarekin harremanetan sakontzeko beharra aipatu zuen. Eta euskara eta kulturari dagokionez, «herritar guztien eskubide eta ondare izan dadin orube emankorra lantzera» interpelatu zituen alderdiak. Zerga sistema berri bat ere proposatu zuen, eta horretarako «eztabaida zabaltzea». Azkenik, gobernantza feminista lehentasunekotzat hartzea azpimarratu zuen; egiturazko arazoa dela eta, «herri bezala erantzuteko» deia egin zuen.

ELKARLANA OINARRI

Gai horiek jorratu eta proposamenak beste alderdiei egiteaz gain, erakundeen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana eta konpromisoa berretsi zituen. Izan ere, horren premia adierazi zuen: «Egoera konplexuei erantzuteko ezinbestekoa izango da elkarlana».

Atzo Gipuzkoa Plazan aurkeztutako lan ildoen bideorria «oinarrizko proposamena» dela adierazi zuen Iriartek. Hauteskunde gauean esandakoa errepikatuz, uste du EH Bilduri dagokiola prozesuaren gidaritza, «herritarren gehiengoak maiatzaren 28an erakutsi bezala». Aitortu zuen EAJrekin eta PSErekin oraindik ez duela hitz egin, baina oinarrizko proposamen bat garatzeko eskua luzatu zien.