GARA
BAIONA

Maurizia proiektuak okupatutako eraikina hustu du Polizia frantsesak

Baionako Santizpirita auzoko eraikin huts batean Maurizia proiektua bultzatzen duten gazteak kanporatu zituen, atzo goizean, Polizia frantsesak. Arratsaldean elkarretaratzea egin zuen hainbat herritarrek Lapurdiko hiriburuko Herriko Etxearen parean, kanporatzea salatzeko. Ostegunean iragarri zuten, bestalde, eraikina hustuz gero beste bat okupatuko dutela.

Polizia frantsesa, Maurizia proiektuak okupatutako eraikinaren kanpoaldean, atzo.
Polizia frantsesa, Maurizia proiektuak okupatutako eraikinaren kanpoaldean, atzo. (Guillaume FAUVEAU)

Polizia frantseseko dozenaka agentek Baionako Santizpirita auzoko Santa Ursula karrikako 16. zenbakian dagoen eraikina inguratu zuten atzo goizean, eta bertan Maurizia proiektua bultzatzen ari diren gazteak kanporatzeko operazioa hasi zuten.

Poliziak ate nagusia bortxatu zuen, baina kanporaketan ez zen liskarrik izan. Eraikinaren jabe den EPFLek agindu zuen desokupazioa, eta «lekuan diren pertsonen segurtasun arrisku garrantzitsua» zegoela izan zen prefekturak emandako azalpena.

Hainbat gaztek iragan maiatzaren 4an okupatu zuten aurrez hutsik zegoen eraikina. Ordutik, zortzi gazte bizi ziren Santa Ursula karrikako 16. zenbakiko eraikinean. Publikoki okupazioaren berri eman zuten maiatzaren 16an eta, hiru aste geroago, kanporatzeko agindua jaso zuten. Okupazioarekin, bi norabide hartu nahi zituzten gazteek: batetik, hiriaren eta inguruaren gentrifikazio-prozesua salatzea, gazte gehienentzat ezinezkoa baita alokairuko etxebizitza bat eskuratzea eta, bestetik, Baionako auzo horretako bizitza eta kultura suspertzeko lan egitea.

Kanporaketak Maurizia proiektua bertan behera utzi du, baina eraikin horretan mugimendua hasi baino ez dela egin azaldu zion okupazioko kide Hodei Harostegik Kazeta.eus-i: «EHZ pasata, bi ekipo egiten saiatuko gara, okupatzen segitzeko».

Ostegunean Mauriziako kideek prentsaurreko batean jakinarazi zuten ez zirela akordio batera iritsi Herriko Etxearekin. Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak sartzeko hangarrean bizitzea proposatu zien, «baina kontratu edo epe zehatzik gabe», Tomek deitoratu zuenez. Kide honen esanetan, ezin zuten proposamen hori onartu, «ezin baikara zortziak bertan bizi eta ezin dugulako proposatzen dugun proiektua espazio horretan gauzatu; ez da lekurik. Maurizia hori baino askoz gehiago da».

Ildo horretan, osteguneko prentsaurrekoan gazteek argi utzi zituzten beren asmoak. «Kanporatuak bagara, okupazio dinamika bat abiatuko dugu. Hemendik atera bezain laster, beste eraikin publiko batean sartuko gara», iragarri zuten.

GERTAEREN DENBORAK

Maurizia proiektuaren bultzatzaileek «bitarteko motako alokairua» izeneko formula erabili zuten, honek aukera ematen baitu eraikinaren jabeen interesa aldi baterako proiektu bat abian jarri nahi duten kolektiboen interesekin bateratzeko, betiere proiektua legezkoa bada.

Alabaina, eraikinaren jabeak, EPLF interes publikoko hirigintza erakundeak, aukera hori baztertu zuen, baita Baionako Herriko Etxeak ere.

Lehenengo kanporatze saiakera maiatzaren 23an izan zen. Bi egun lehenago eraikina hustu behar zela ebatzi zuen Baionako Auzitegiak, eta, gazteei abisurik eman gabe, atezain bat bidali zuen eraikinera. Gazteek uko egin zioten eraikina uzteari eta, hortaz, husteko agindua Poliziaren esku geratu zen.

Hilaren 26an helegite bat aurkeztu zuten epaiaren kontra. Helegiteak ez du lortu, baina, kaleratzea geldiaraztea.

ELKARRETARATZEA

Egoera honen aurrean eta kaleratzea salatzeko asmoz, Mauriziako kideak eta hauei sostengua adierazi nahi zien herritar talde bat Herriko Etxearen parean elkartu ziren atzo, 18.30ean.