Trump agiri nuklearrak beretzat hartzeagatik inputatu dute
Bolo-bolo zebilen Trumpen inputazioa iristear zela, eta azkenean presidente ohiak berak baieztatu zuen: lehen aldiz, presidente batek kargu federalei aurre egin beharko die. Atzo arratsaldean akusazioa jakitera eman zenean, kasuaren dimentsioa are nabarmenago geratu zen: 37 delitugatik inputatu dute, sekretu nuklearrak bereganatu izanagatik, kasu.
Historian lehen aldiz, AEBko presidente ohi batek kargu federalei aurre egin beharko die. Ez da Trumpen aurkako lehen inputazioa, baina orain arteko larriena da alde handiz. Justizia Sailak hainbat hilabetez eskatu zion Etxe Zuritik eramandako agiriak itzul zitzala. Azkenean, FBIk iazko abuztuan miatu zuen Mar-a-Lagoko luxuzko etxea, eta 11.000 dokumentu atera zituzten handik hainbat kaxatan. Horietako ehun inguru isilpeko agiriak ziren, eta horietako zenbaitek top secret etiketa zuten.
Atzo, miaketa horren zigilua kendu eta argitara eman zuen Justizia Sailak. Argazki eta guzti: dokumentuak dituzten kaxa horietako batzuk Trumpen etxeko komunean pilatuta ageri dira, eta gela batean beste batzuk. «Inputazioak Donald J. Trumpi gure segurtasun nazionaleko legeen urraketa-delituak leporatzen dizkio, baita Justizia oztopatzeko konspirazioa egin izana ere. Inputazioa Floridako hegoaldeko distrituko herritarren epaimahai handiak bozkatu du», esan zuen Jack Smith fiskal bereziak.
Smithek 49 orrialdeko argitalpena irakurtzera gonbidatu zituen herritarrak, akusazioen larritasunaz jabetzeko. «AEBko inteligentziako eta indar armatuetako gizon-emakumeek gure nazioa eta herritarrak babesten ematen dute bizitza. Defentsa nazionaleko informazioa zaintzen duten gure legeek berebiziko garrantzia dute gure segurtasunerako. Lege horiek urratzeak gure herrialdea arriskuan jartzen du. Herrialde honetako legeak denontzat dira», esan zuen. Epaiketa ahalik bizkorren egiteko asmoa ere adierazi zuen Smithek.
Guztira, 37 kargu egotzi dizkiote Trumpi; Walt Nauta, presidente ohiaren laguntzailea, ere inputatu dute, dokumentuak garraiatzen lagundu ziolakoan. Miamiko auzitegi federalean deklaratu beharko du Trumpek datorren asteartean.
Aurreko auzibideetan bezala, denboraren eta narratibaren kontrola izateko, Trumpek berak aurreratu zuen albistea ostegunean. «Ez nuen sekula pentsatuko honaino iritsiko ginenik. Errugabea naiz» kexatu zen presidente ohia Truth Social sare sozialean. 2024ko presidentetzarako kanpaina oztopatzeko ahalegina dela salatu zuen: «Gainbeheran dagoen nazioa gara».
ONDORIOAK
Orain arte izandako auzibideek -2016ko kanpainan isilpeko ordainketak egin izanak- ez diote eragotzi Trumpi Alderdi Errepublikanoko presidentegai izateko kanpainan jarraitzea. Are gehiago, auzi judizialak korapilatzen ari bazaizkio ere, inkestetan jarraitzaile errepublikanoen faboritoa da alde handiz, azken hilotan izena eman duten gainerako hautagai guztien aurretik. Berez, legeak ez du debekatzen auzipetuta dagoen pertsona batek presidente izateko kanpaina egitea. Ezta kondenatuko balute ere. Besterik da, kasuak pilatuz badoaz aurrerantzean ere, Alderdi Errepublikanoak ontzat emango lukeen inputazio ugari eta agian delitu federalengatik zigortutako pertsona bat izatea presidentegaia. Baina horretarako auzibideek epaiketaraino iritsi beharko lukete 2024ko hauteskundeen aurretik, eta litekeena da Trumpen abokatu-taldea hori ahal beste atzeratzen saiatzea.
Orain arteko kausa judizialek ez dute higatu Trumpen hautagaitza. Are gehiago, biktimismoaren karta ez zaio gaizki atera, eta Alderdi Errepublikanoko sektore zabal batek presidente ohia babestu du eta Justizia Sailaren aurkako akusazioak jaurti ditu inputazioa ezagutu denetik. Primarioetarako izena eman duten hautagaien artean, agerian geratu da Trumpen itzal luzea eta harekiko morrontza. Vivek Ramaswamy enpresari eta hautagaiak, esaterako, presidente izanez gero berehala indultatuko duela esan du. Hain urrun joan gabe, beste batzuek Justizia Sailaren aurka jo dute. Izan da Trump kritikatu duenik ere. Asa Hutchinson Arkansaseko gobernadore ohiak lehiatik erretiratzeko eskatu dio presidente ohiari. Chris Christie New Jerseyko gobernadore ohiak inputazioa ofizialki jakin arte itxaron beharra zela adierazia zuen, baina inor ez dagoela legearen gainetik erantsita.
Donald Trumpen aurka abian diren ikerketak ez dira hemen amaitzen. Kanpainako funtsak legez kanpo erabiltzeagatik, 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurka egindako erasoagatik eta horren aurretik 2020ko hauteskundeetan izandako emaitzak aldarazi nahi izateagatik ere ikertzen ari dira AEBko presidente ohia.