Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Korronteak aldatzen ari dira

Uda ofizialaren atarian gara, klima bere kaxa doan arren, Niño-Niña. Tira, esateko modua da hori, azken batean gaurko klima atzodanik indarrean den ekonomia ekonomizista ofizialaren menpekoa baita. Amen! Harira, kanpaina hastear dugu, atunarenaz ari naiz, nahiz eta, bai horixe, botoen kostera ere berrastear den. Koplariak gizaki arruntari esan legez: «Honela jarri zuen jaunaren legeak»! Bada, horretan gabiltza, kanpainaz kanpaina sudurrak zabortegiak bete haina!

Non nengoen? A, bai, uretan, zelan ez! Aste honetako egunen batean Ozeanoen Eguna izan da, nazioartekoa izan ere, jakina! Eta hau bai kolpea! Kosta ahala kosta lehorrean ere ospatu! Aldaketen garai honetan, edo garaien aldaketa-aldi honetan, zuen esku, gogoetarako gaia hau ere: ozeanoak egun bakarra urtean planeta osoan, baina hemen antxoak edota atunak hamaika egun dauzkate, kostako lekuan leku. Bada aldea!

«Planeta ozeanikoa da: korronteak aldatzen ari dira» izan da aurtengo egun bakar horren leloa; iradokitzaile, oso, korronte aldatze horrena, itsasoan bezala lurrean ere. Amen! Imajinatzen dut sabinetxean pentsakor geratu direla, segitzen dutela, diseinuzko surf-ohol zaharkituan itsatsitako alga inbaditzaileekin zer egin jakin ezinean. Diskurtso-pandemia larrian ari dira, musukoa ahoan barruko purrustaden galbahe. Boto kala-tokiak lekuz aldatzen ari dira, eta batzuei gero eta gaitzago suertatzen zaie karameluak gero eta urrunago banatzen ibiltzea.

Botoen arrantzan jainkoaren lege zaharrekin sare pelagikoak erabiltzen jaun, batez ere, eta jabe izan diren horiek konturatuko ziren honezkero sarearen aho lar zabaletik arrain ugari sartu bezala deskarte asko ere ateratzen direla. Are gehiago, olatuak ez ditugu denok modu berean hartzen, ez horixe; batzuek artifizialen alde egiten dute, busti gabe...