Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
ITSASOA

Surf City El Salvador Pro, rankingetan aldaketak eragin ditzakeen txapelketa

Ekainaren 10ean hasi zen Surf City El Salvador Pro, CT itzuliko zazpigarren lehiaketa. Oraindik amaitu ez den arren, lehenbiziko kanporaketen ostean aldaketak izan litezke nesken zein mutilen rankingetan. Datozen egunetan izendatuko ditugu irabazleak.

Carissa Moore, nesken rankingeko burua.
Carissa Moore, nesken rankingeko burua. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

El Salvadorren egiten ari dira CT itzuliko zazpigarren txapelketa egunotan, eta jada aldaketak iragar daitezke WSL rankingetako lehenengo bost tokietan. Adibidez, denboraldi honetako mutilen lehen txapelketa Pipelinen irabazi zuen Jack Robinson australiarra kaleratua izan zen eta rankingeko lehen bost postuetatik at geratuko da, eta baita Caitlim Simmers ere, Portugalen txapela eskuratu zuen lehiakide gaztea.

Margaret Riverren egindako CT itzuliko bosgarren txapelketaren ostean, lehiakide murrizketa egin da eta ordutik gutxiago dira lehian ari diren surflariak, 22 lehiakide mutilen kasuan eta 10 lehiakide neskenean (gehi 2 wildcard kategoria bakoitzean). Hortaz, lehiakideek behin eta berriz lehiatu behar dute aurkari berberen kontra eta lehia zinez gogorra bilakatzen da.

Orain lehen bost postuetako batean egotea helburu dute lehian diren surflariek, horiek izango baitira irailean Trestlesen (Kalifornia) egiten den Final Handian parte hartu ahal izango duten surflari bakarrak. Alegia, Final Handian lehiatzeko pasea eskuratzen dutenek bakarrik izango dute aukera 2023ko WSL titulu mundiala irabazteko.

Horregatik da hain garrantzitsua txapelketa amaitu ondoren rankingeko lehen bost tokietako bati eustea. Horretan dihardute egunotan El Salvadorren diren lehen mailako lehiakideek.

Oraindik ez da txapelketa amaitu. Lehen errondak bakarrik egin dira, baina jada lehiakide esanguratsu batzuk kaleratu dituzte eta rankingetako lehen bost postuetan aldaketak izango direla aurreikusi daiteke.

Mutilen kategorian, esaterako, bosgarren eta zazpigarren tokian ziren Jack Robinson eta John John Florence kaleratuak izan ziren, eta bosgarren postutik gero eta urrunago kokatuko dira txapelketa amaitu ostean. Beste surflari batzuek gora egingo dute bitartean, Gabriel Medina brasildarrak kasu.

Nesken kategorian, berriz, kaleratua izan ostean bosgarren postutik behera egingo duen surflaria Caitlim Simmers da, aurtengo denboraldian zer esan handia ematen ari den estatubatuar gaztea. Aitzitik, lehen bost tokietako bat eskura dezaketen bi lehiakideak Tatiana Weston-Webb eta Stephanie Gilmore dira.

Edonola ere, nahiz eta bosgarren postutik jaitsi, lehiakide hauek oraindik beste hiru aukera izango dituzte Final Handirako toki bat eskuratzeko, oraindik Brasilgo, Hegoafrikako eta Tahitiko txapelketak egitea falta baita.

EL SALVADORKO OLATUAK
OLATU BIKAINAK ESKAINTZEN DITUEN KOSTALDEA IZAN ARREN, DUELA GUTXI ARTE SURFAK EZ ZUEN SONA HANDIRIK EL SALVADORREN, BAINA DENBORA GUTXIAN INDAR HANDIA HARTU DU; BESTEAK BESTE, GOBERNUAK TURISMOA SUSTATZEKO BITARTEKO GARRANTZITSUA DELA OHARTU ZENETIK SURF CITY IZENEKO EGITASMO ESTRATEGIKOA ABIAN JARRI ZUELAKO. EL SALVADORREN CT ITZULIKO TXAPELKETA BAT EGITEN DEN BIGARREN ALDIA DA AURTENGOA. HORREZ GAIN, OLINPIAR JOKOETARA JOAN AHAL IZATEKO ISA ERAKUNDEAK ANTOLATZEN DITUEN KANPORAKETAK ERE HAN EGITEN DIRA. HORRELA, AZKEN ASTEETAN BERTAN IZAN DIRA MUNDU OSOKO DOZENAKA SELEKZIO 2024KO UDAN EGINGO DIREN JOKO OLINPIKOETAN PARTE HARTU AHAL IZATEKO LEHIATZEN. BESTEAK BESTE, EUSKAL HERRIKO SURFLARIAK ERE IZAN DIRA ESPAINIAKO, FRANTZIAKO ETA VENEZUELAKO SELEKZIOEKIN LEHIATZEN.

Gogoratu behar da surfeko Olinpiar Jokoak bigarren aldiz egingo direla eta hurrengoak Tahitin izango direla. Guztira, 40 surflarik parte hartuko dute, hau da, 20 mutilek eta 20 neskek, eta kategoria bakoitzean gehienez ere bi ordezkari eduki ahal izango ditu herrialde bakoitzeko selekzioak. Beraz, ez da batere erraza plaza bat eskuratzea, asko baitira plaza gutxi hain eskuratzeko lehian ari diren mundu osoko surflariak.

El Salvador ez da herrialde handia. Israel, Suitza edo Herbehereen antzeko azalera du, baina 320 kilometroko kostaldea du, eta Ozeano Bareak eskaintzen dituen itsaskiei esker munduko eskuin luzeenetakoak sortzen dira. Hala eta guztiz, nahiz eta eskuin olatu bikainak izan, oraindik eremu ezezagun samarra dela esan daiteke, zeren eskualde batzuk oso salbaiak baitira, eta hondartzetarako sarbideak, sarri, ezinezkoak dira.

La Libertad departamenduan diren urautsiak dira ezagunenak, bertan eraiki dira konplexu turistiko eta azpiegitura garrantzitsuenak, Surf City egitasmoaren barnean, eta han egiten dira munduko surf txapelketak.

Kaliforniako Malibu hondartza mitikoaren antz handia dute ingurune horretako hondartzek. Horregatik, bertan hartu ziren “The Big Wednesday” filmeko zenbait irudi. John Millius zuzendariaren gidaritzapean, 1977. urtean La Libertad hondartzako eskuin olatuetan surf egitera abiatu ziren Gerry Lopez, Peter Towned eta Bell Hamilton, baina geroago gerra hasi zen eta 90eko hamarkada arte oso gutxi izan ziren El Salvadorren itsasoratu ziren surflariak.

Apirila eta maiatza dira El Salvadorren surf egiteko hilabete hoberenak. Sasoi horretan jasotzen ditu kostaldeak hegoaldetik datozen itsaski indartsuak, baina ekainetik urrira bitartean ere olatu ederrak izaten dira, itsaski indartsu bat izateko aukerak urriagoak diren arren.

Itsaskiak ez dira Euskal Herrian bezain handiak eta indartsuak izaten, Ekuatoretik hain gertu egoteak itsaski handien indarra apaltzen baitu. Nolanahi ere, metro bateko olatuak ia egunero izaten dira. Horixe da datozen lau egunetarako iragarri duten tamaina, metro bateko olatuak. Baina ziur aski olatuak apur bat handiagoak izatea itxarongo dute antolatzaileek, Munduko Txapelketako azken txandak burutzeko.