Nerea LAUZIRIKA
UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAREN 51. EDIZIOA ABIATU DUTE

Zientzia herritarra hizpide, UEU-ren ikastaroen irekieran

Bilboko La Bolsa eraikinean atzo abiatu zituzten Udako Euskal Unibertsitatearen aurtengo Udako Ikastaroak. Olga Ibañez biologo eta doktoregaia, Leire Pinedo psikologoa eta Uxue Razquin editorea solasean aritu ziren zientzia jendartera gerturatzearen inguruan, Koldo Garcia genetikan doktore eta ikertzaileak gidatuta.

Razquin, Garcia, Pinedo eta Ibañez, mahai inguruko kideak.
Razquin, Garcia, Pinedo eta Ibañez, mahai inguruko kideak. (Izena Oskar MATXIN | FOKU)

Atzo abiatu zuten UEUren Udako Ikastaroen 51. Ikastaldia, Bilboko La Bolsa eraikinean. “#solastUEU: zientzia herritarra, posible al da?” izenburupean antolatutako mahai inguruan zientziaren dibulgazioaz aritu ziren Olga Ibañez biologo eta doktoregaia, Leire Pinedo psikologoa eta Uxue Razquin editorea, Koldo Garcia genetikan doktore eta ikertzaileak gidatuta. “Herritarrak zientzian inplikatzen” jardunaldiak eman zien hasiera aurtengo Udako Ikastaroei.

«Lagunekin egiten den zerbait bezala» ikusi izan du zientzia Garciak, beti. Horregatik eta «hiru begirada desberdin» batu nahi zituelako, mahai ingurura gonbidatu zituen Ibañez, Pinedo eta Razquin.

Ibañezek Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta gero Bioinformatika eta Modelizazio Masterra Bruselan. Egun, Biodonostian doktoretza egiten ari da, Biologia Konputazional eta Ehunen Ingeniaritza taldeetan.

Pinedo psikologoa da Osakidetzan. Esparru publikoko arreta zerbitzua hobetzearen aldekoa da, eta dibulgazio arduratsuan interesatua dago. Hain zuzen ere, sare sozialetan osasun mentalarekin lotutako gogoetak eta aholkuak partekatzeagatik da ezaguna.

Razquinek Kazetaritza ikasketak egin zituen, eta ondoren literatura-kazetaritzako graduondokoa ikasi zuen Bartzelonan. “Deia” egunkarian lan egin zuen, kultura sailean eta “Ortzadar” kultur gehigarrian. Horrez gain, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran ibili zen, emakume zientzialariez artikuluak idazten, “Mujeres con Ciencia” eta “Zientzia Kaiera” blogetan. “Berria” egunkarian irrati kritikak idatzi ditu, eta 2021etik Erein argitaletxeko editorea da.

Ibañezek onartu zuen sarritan, esaterako bioinformatikan, ikertzaileek ahaztu egiten dutela datuen atzean pertsonak daudela: «Ez dira datu hotzak». Bere ustez, norbanakoaren ingurua aztertu beharra dago, datuei soilik erreparatu beharrean.

Ikertzaileek Pinedo bezalako psikologoez zer ikasirik badutela adierazi zuen Garciak, «kontuan hartzeko subjektuekin ari garela, eta ez objektuekin». Pinedoren ustez, denbora behar da dinamikak aldatzeko, inertziaz jokatzean behar direnak baino aholku gehiago ematen baititugu. Psikologoarenera jotzen duten pertsonekiko kolaborazioan oinarritu behar da terapia, benetan eraginkorra izan dadin.

Razquinek ez dauka bere burua zientzian aditutzat, baina, hala ere, zientziaz idatzi izan du, eta horrek «bertigoa» ematen duela aitortu zuen. Horregatik, azaldu zuen beretzat lan bikoitza izan dela, lehenik eta behin berak ikasi behar izan duelako gaiaren inguruan, ondoren gainerakoei edonork ulertzeko eran azaltzeko. Era berean, «kaskarkeria» defendatu zuen, emakumeen artean gizonen artean ez bezala zigortzen baita.

Garciak nabarmendu zuen hautatzen diren erreferentziek gerora norberaren ibilbidea markatzen dutela hein handi batean. Horregatik, Ibañezek Alexandra Elbakyan aukeratu zuen, ‘Emakumeak zientzian’ ekimenean parte hartzeko gonbita egin ziotenean. Elbakyan programatzaile informatikoa da, milioika ikerketa artikulu eta liburu doan eta egile eskubideetara lotu gabe denen eskura jartzen dituen Sci-Hub gunearen sortzailea. Ibañezek programazioaren alorra gizonentzat bakarrik dela gezurtatu nahi izan zuen adibide horrekin, eta honela erakutsi «emakumeek ere egiten dutela, gizartearen beharrei erantzuteko, gainera».

Ikertzaileek erabiltzen dituzten metodologien inguruan ere hausnartu zuen Garciak. Sarritan, aztertzen ari diren pertsonei esan nahi duten guztia adierazteko modurik ematen ez dietela uste du: «Pertsonak geure behar eta metodoetara moldatzen ditugu, eta alderantziz izan behar luke».

Era berean, “Zientzia herritarra” deritzona bultzatzeko bidean era guztietako norbanakoen parte hartzea sustatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. Izan ere, Garciaren iritziz, nork bere buruari hitza hartzeko zilegitasuna eman behar dio eta normalean «gizon zuri, heterosexual eta klase jakin batekoek» izaten dute horrelako jarrera.

ARRAKALA

Ildo beretik jarraituz, Ibañezek gogora ekarri zuen unibertsitatean ikastea ez dagoela edonoren eskura eta, beraz, dagoeneko hortik hasita, arrakala dagoela. Hori horrela, ez zitzaion harrigarria iruditu askok inpostorearen sindromea pairatzea.