Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Ehuntzen

Hileko lehen larunbatean ohikoa den bezala, museoan elkartu ginen artista baten obraren gaineko hitzaldia entzuteko. Normalean, museoko bildumekin lan egiten duen norbaitek gidatzen ditu hitzaldiok eta oraingoan ere hala izan zen. Kasu honetan, ordea, hizlaria, Velma Kee Craig, hitzaldiak ardatz zuen artista ere bazen eta, besteak beste, museoak erositako bere artelanaren gainean mintzatzekoa zen.

Dine (euskaraz, jendea edo herria) talde indigenako kidea da Craig (navajo izenez ezagunagoak). Tapizen ehunketagatik dira bereziki ezagunak dineak eta horixe du arte adierazpide Craigek. Baina teknika ez zuen komunitateko adinduengandik jaso, hainbat mendez dineen artean ohikoa izan den bezala. Kolonialismoak hautsi ditu mendeetan dine kulturaren oinarri izan diren hainbat alderdi, eta Craigek bi emakume indigenak gidaturiko tailerrean ikasi behar izan zuen ehuntzen.

Gaur egun, artelanak osatu ez ezik ehuntzen ere irakasten du transmisio-katea eten ez dadin, transmititzeko modua aldatu bada ere. Seme-alabei tailer horietan irakatsi die ehuntzea zer den: arte-teknika ez ezik, dineen mundu ikuskeraren adierazpidea ere bada.

Badira berreskuratu beharreko beste kultur adierazpen batzuk, ordea. Horietako bati zuzenduriko tapiza azaltzen ari zitzaigula, begiak malkoz bete zitzaizkion Craigi. Entzuleoi barkamena eskatu zigun ezusteko emozio-eztandagatik, halakorik egiteko arrazoirik ez zegoen arren. Inork barkamena eskatzekotan guk geuk, entzuleok, eskatu beharko genukeen, geure presentziak bere jendearen desjabetzean duen eraginagatik.