IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Marlen Haushofer lehen aldiz euskaraz, «Horma» eleberrian

«Horma» eleberria argitaratu berri du Ereinek. Marlen Haushofer idazle austriarrak 1963an idatziriko liburua da Naroa Zubillagak itzulitakoa; lehen aldiz euskaraz irakur daiteke Haushofer. Ekologismoaren eta feminismoaren gaineko gogoetak jasotzen ditu.

Uxue Razquin editorea eta Naroa Zubillaga itzultzailea.
Uxue Razquin editorea eta Naroa Zubillaga itzultzailea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Horma ikusezin bat topatuko du protagonistak parean, hormaz bestaldean harrizkoa bihurtzen da guztia, eta Alpeetan bizirik dirauen pertsona bakarra geratzen da, protagonista bera. Eszenatoki horretan eraiki zuen 1963an Marlen Haushofer idazle austriarrak “Horma” eleberria; Ereinek ekarri du euskarara Naroa Zubillagaren itzulpenarekin. Idazle austriarraren «liburu kanonikoena» dela adierazi zuten atzoko aurkezpenean, edukian zein forman dituen berezitasunengatik.

Elementu distopikoak agertu edota batzuetan eszenatokiak berak zientzia fikzioa dirudien arren, hormaren jokoa «aitzakia» dela kontatu zuen itzultzaileak, bizirauteak berezko dituen «hausnarketa gizatiarrak» egiteko bidea. Batez ere, feminismoaren eta ekologismoaren inguruan hausnartzen du protagonistak, eta Uxue Razquin editoreak azaldu zuen istorio «itogarria» dela, egoera zailean eta bakarrik agertzen delako protagonista. Baina aldi berean, «idazkera sosegatua» duela nabarmendu zuen.

MAMI ETA AZALAREKIN JOLASEAN

. Zubillagak bi elementu nabarmendu zituen: forma eta edukia. Eta aurrerapen txiki bat egin zuen: amaieran sorpresa bat gertatzen da. Aitortu zuen liburuko azken lerroak izan daitezkeela bere ustez politenak.

Formari dagokionez, txosten edo informe bat dela adierazi zuen, eta narratzaileak ere hori kontatzen duela: «Narratzaileak berak esaten du gertatzen ari zaionarekin txosten bat egingo duela, eta ondorioz ez du ez elkarrizketarik, ezta atalik ere». Eguneroko modura ere uler daitekeela aipatu zuten, baina ez direla egunak izendatzen edo egunen inguruko erreferentziarik ere ez dela agertzen. «Gertatzen zaiona jasotzen du, eta era berean introspekzio ariketa bat egiten du».

Espazioan mugitu gabeko bidaia bat egiten duela azaldu zuen itzultzaileak edukiaren inguruan. Naturara eta bere barnera egiten du bidaia protagonistak, ikuspegi feminista eta ekologistatik. Natura bere osotasunean ageri dela kontatu zuen; «bere alde bukolikoaz gain, bere alde gordina ere ageri da: gaixotasuna, etsipena, heriotza…».