Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Caroline Marks eta Filipe Toledo, txapeldun El Salvadorren

El Salvadorren, CT itzuliko 7. txapelketan, Caroline Marks estatubatuarra eta Filipe Toledo brasildarra nagusitu ziren. Aldaketak izan dira rankingetako lehen postuetan eta presioa gorantz doa lehen bost postuetako batean leku bat eskuratzeko.

Carissa Moore, nesken rankingeko burua.
Carissa Moore, nesken rankingeko burua. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Amaitu da CT itzuliko zazpigarren txapelketa. “Surf City El Salvador” txapelketako azken egunean olatuak apur bat txikiagoak eta narrasagoak izan ziren, baina hala ere, lehiakideek eskuin olatu politak izan zituzten eta ikuskizun ederra eskaini zuten. Metro bateko olatuetan lehia gogorra izan zen eta, azkenean, Caroline Marks eta Filipe Toledo nagusitu ziren.

Final Handia gerturatzen doan heinean tentsioa gorantz doa; izan ere, ez dago alde handirik lehen hamar postuetan diren lehiakideen artean eta, ondorioz, aurtengo denboraldia amaitzeko falta diren hurrengo hiru txapelketen ostean rankingetan aldaketa handiak izan daitezke.

Gauzak horrela, lehen bost postuetako bat eskuratu eta irailean egingo den Final Handian parte hartu ahal izateko lehia gero eta gogorragoa da, soilik Final Handian lehiatu ahal dutenek izango baitute aurtengo WSL titulu mundiala irabazteko aukera.

Filipe Toledo nagusi Griffin Colapinto eta Filipe Toledo aritu ziren buruz buru El Salvadorreko finalean. Biak dira eskuin surflariak eta biak dira arinak, gorpuzkera txikikoak; horregatik, antzeko surfa egiten dutela esan daiteke, nahiz eta bakoitzak bere estilo propioa izan. Kontuak kontu, Toledo izan zen Punta Rocako eskuin olatuari etekin handiena atera ziona. Horrela, brasildarrak 17’33 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (9+8’33) eta Colapinto erraz garaitu zuen, estatubatuarrak solik 12’10 puntu bildu baitzituen (4’93+7’17).

Aipagarria da mutilen kategorian final erdietara iritsi ziren beste bi lehiakideak ia ezezagunak direla: Ian Gentil hawaiiarra zein Liam O’Brien australiarra “hasi berriak” baitira; hau da, lehendabiziko urtez lehiatzen ari dira CT mailan. Hala ere, emaitzak emaitza, ez dute rankingean postu asko igotzea lortu eta gaur egun hamaseigarren eta hogeigarren postuan dira; beraz, datorren urtean lehen mailan segitzeko aukera izango duten arren, ez dute Final Handian izateko aukera.

Aitzitik, Final Handian izan daitezkeen lehiakideak lehen bost postuetan edo lehen postuetatik gertu diren lehiakideak dira, eta hor aldaketa esanguratsuak izan dira. Horrela, El Salvadorren bigarren postuan geratu zen arren, CT rankingeko lehen postuari eutsi dio Colapintok, eta Toledo bigarren postura igo da. Duela gutxi likra horia janzten zuen Joao Chianca beherantz doa eta egun hirugarren postuan da. Ethan Ewing australiarrak laugarren postuan jarraitzen du, Gabriel Medina bosgarren postura igo da eta denboraldi hasieran lehen postuan zen Jack Robinson australiarra seigarren postura jaitsi da.

CAROLINE MARKS SASOIAN

Nesken kategorian ere antzeko gauzak gertatu ziren. Rankingeko buru den Carissa Moore finalean izan zen, baina bigarren postuan geratu zen. Caroline Marks gazteak txapelketa irabazi eta rankingean hirugarren postura igotzea lortu zuen. Eta Caitlim Simmers estatubatuarra lehen bost postuetatik at geratu zen.Tyler Wright eta Caroline Marks finalean izan ziren. Wright bi bider munduko txapelduna izan zen; beraz, esperientzia handia du. Marks, ostera, oso gaztea da, 21 urte ditu, baina jada emaitza onak eskuratzen hasia da lehen mailan eta El Salvadorren ere gauza bera egin zuen.

Ezbairik gabe gailendu zen Marks, bere bi olatu onenekin 11’60 puntu bildu baitzituen (6’33+5’27). Bere arerioak, ostera, olatu on bakarra egin zuen eta guztira, 8’47 puntu bildu zituen (6’10+3’37).

Carissa Moore hawaiiarrak eta Tyler Wright australiarrak lehen eta bigarren postuetan jarraitzen dute rankingean, eta Caroline Marks hirugarren postura igo da. Stephanie Gilmore australiarrak eta Tatiana Weston-Webb brasildarrak laugarren eta bosgarren postura igotzea lortu dute, baina kontrako bidean, Caitlim Simmers estatubatuarra seigarren postura jaitsi da.

PRESIOA HANDITZEN

Final Handia gerturatzen den heinean CT rankingeko lehen bost postuetako bat eskuratzeko lehia gogortzen ari da. Ez da alde handirik lehen postuetan diren lehiakideen artean eta beraz, txapelketa bakoitzaren ostean aldaketak izaten dira rankingean.

Gabriel Medinak bosgarren postua lortu du eta Italo Ferrira gerturatzen ari da. Bigarren eta hirugarren postuetan diren Toledo eta Chiancarekin batera, Final Handian izateko aukera gehien duten brasildarrak dira. Ekainaren 23an Brasilen hasiko den txapelketa erabakigarria izan daiteke emaitza on bat eskuratzeko.

Izan ere, Rio de Janeiron egingo den txapelketaren atzetik bi txapelketa zail etorriko dira: Hego Afrikako Jeffreys Bayko eskuin olatu mitikoan egingo dena eta Tahitin Teahupoko ezker olatu arriskutsuan egingo dena, hain zuzen ere. Hor zailagoa izango dute brasildarrek emaitza on bat eskuratzea. Horren ostean jakingo da irailean Trestlesen egingo den Final Handian zein lehiakide arituko diren.