XOLE ARAMENDI
BILBO

«Entzun», Etorkizuna Musikatan orkestraren lana, belarriez ikustekoa

Bilboko San Frantzisko auzoko Etorkizuna Musikatan orkestrako kideek, 8 eta 16 urte arteko haur eta gazteek, hitzordu berezia izango dute gaur Bilboko Kalealdia jaialdian. Olatz Gorrotxategi gidari dutela, “Entzun” ondu dute.

8 eta 16 bitarteko haur eta gazteek osatzen dute Etorkizuna Musikatan orkestra.
8 eta 16 bitarteko haur eta gazteek osatzen dute Etorkizuna Musikatan orkestra. (GARA)

Etorkizuna Musikatan orkestrako kideekin bitartekaritza lana egin du Olatz Gorrotxategik. Iazko abenduan hasi zuten bidea eta gaur ikusiko du argia emaitzak. Hitzordua 18.30ean izango da, Casilda Parkeko urmaelaren inguruan.

8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu dute proiektuan. Bilboko San Frantzisko auzoko orkestrako kideak, denak. NORAI elkartearen kultur egitasmoa da. «Hiriko haur eta gazte guztiei irekia dago. Venezuelatik datorren ‘metodoa’ erabiltzen dute. Oso praktikoa da, lehenengo egunetik -ez dute solfeoa edo musika teoriarik ikasi beharrik- jo ditzakete tresnak. Ingurune oso ezberdinetako haurrak daude orkestran. Doakoa da eta instrumentuak eman egiten dizkiete haurrei», kontatu du Gorrotxategik.

Kaleko arteetara hurbiltzeko balioko dien sormen eta parte-hartze prozesuan murgildu dira ikasturtean zehar, musikaz gain komunikatzeko hainbat hizkuntza eszeniko aurkituz eta espazio eta publiko berriak partekatuz.

Antzerkiaren mundua -kale ikuskizunak, bereziki- erakustea izan dute helburu. «Horren inguruan lan egitea, beste publiko mota batzuk daudela ikustea. Antzerki eskolak jasotzen dituzte, nahiko xumeak, nahikoa lan dute-eta eskolarekin eta orkestrarekin....», dio.

Gaur egungo nerabe eta etorkizuneko musikariek euren kezka, grina eta beharrak hartu dituzte oinarri. Dispositibo ezberdinak topatzen saiatu dira eurek zabaldu nahi duten mezua publikoari helarazteko. «Orain arte musika izan da artearen bidez komunikatzeko tresna; orain beste gailu eta joko batzuk bilatu ditugu. Garrantzitsua zen beste modu batzuk bilatzea. Diziplina arteko proiektu transbertsala egiten saiatu gara».

Orkestrarekin duten lotura nabarmendu du. «Musikariak dira, ez dut uste utziko dutenik aktore izateko asmoa, musikarekin topera ari dira. Ikaragarria da zelako pasioa eta maitasuna dioten ez bakarrik musikari, baita orkestrari berari ere. Oso indartsuak dira, asko dute esateko... barre ere asko egin dugu».

75 lagunek kaskoak izango dituzte eskuragarri eta saioan zehar testigantzak entzungo dituzte. Ikuskizuna guztientzat da, baina kaskoak dituztenek esperientzia osoa jasoko dute. Aurikularrik soinean ez dutenek kontzertu arrunta entzungo dute. Une batean altxatzen eta berriz esertzen ikusiko dituzte. Kaskoak dituenak jakingo du zutik daudenek gaztelaniaz egiten dutela berba; gero altxatzen direnek, euskaraz, arabieraz edo frantsesez... esaterako».

Behin eskainiko da ikuskizuna. «Audioak eta material osoa gorde egingo ditu orkestrak eta errepikatu nahi badu esperimentua, askatasun osoa du egiteko, noski», esan du. Aurretik antzerki eskolan lan egina da urte luzez haurrekin eta badu eskarmentua. Esperientzia interesgarria izan da Gorrotxategirentzat. «Artearen gozamena bizi dute, guztiz, baina ez dira aktoreak. Ez dira antzerkian izena ematen duten haur eta gazteak». Jokoek presentzia dute. «Lan egiteko modua ezberdina izan da. Jolasean, esperimentatzen... ibili gara. Euren artean erlazionatzeko beste modu bat ere izan da. Elkarrekin bizitzeko gunetxo bat sortu dugu».

Musika arloari dagokionez, «oso profesionalak dira, oso serio hartzen dute. Alde horretatik gozamena izan da. Oso esperientzia polita izan da. Elkartearen lana bai, ezaguna nuen, baina ez justu orkestrarena; izan ere, atal bat besterik ez da jardueraren barruan».

Positibotzat jo du jaialdiaren ekimena. «Oso garrantzitsua da Kalealdiak egiten duen lana. Oso aberatsa da auzoarentzat, Bilborentzat eta gazteentzat», esan du.