Imanol CARRILLO
ARRAUNA

San Pedro eta Kaiku KAE1 eta ETEko lider berriak, Pasaian txikizioa eginda

«Libia» ontziak garaipena eskuratu zuen etxeko uretan; San Juanek, larunbateko garaileak, bosgarren amaitu zuen eta tartean Zumaia, Arkote eta Lapurdi helmugaratu ziren. ETE Ligan Kaikuk bere denboraldiaurre onari jarraipena eman zion lider jartzeko.

San Pedroko arraunlariak, arraunak gora, etxeko uretan bandera ospatzen.
San Pedroko arraunlariak, arraunak gora, etxeko uretan bandera ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

San Pedrok lortu zuen, etxeko estropadan, KAE1 Ligako lehen garaipena. Larunbatean ezin izan zituen dohain guztiak erakutsi Donibane Lohizune eta Ziburuko uretan, baina atzo, ohorezko txandatik, aurtengo lehen bandera astindu zuen. ETE Ligari dagokionez, Kaiku izan zen azkarrena. “Bizkaitarra”-k denboraldiaurre onari jarraipena eman zion eta lider berria da.

Txikizioa egin zuten sanpedrotarrek etxeko uretan (5 ziaboga eta 6 luze izan ditu estropadak). Izan ere, lider berriak dira, San Juan, bezperako irabazlea, atzo bosgarren izan ostean; tartean, Zumaia, Arkote eta Lapurdi sailkatu ziren.

Haize bolada handiei aurre egin behar izan zieten ohorezko txandako lau ontziek eta hasieran lehia polita mantendu zuten Pasaiako bi traineruek. Segundo bateko aldearekin egin zuten lehen ziaboga, San Pedroren alde. San Juanek, gainera, biraketa hobea egin zuen eta bigarren luzearen hasieran lider ipini zen.

Baina dena aldatu zen luze horretan bertan. Bigarren ziabogan hiru segundoko aldea atera zion “Libia”k eta Koxtapek beherakada nabarmena izan zuen. Pentsa, mailaz igo berria den eta oso denboraldiaurre ona egin duen Lapurdi bigarren ipini zen eta ohorezko txanda honetako helburu nagusia aldatu zen: San Pedro lidergoan, Lapurdi eta San Juan segidan eta Camargo askoz ere atzerago, aurreko txandan Zumaiak egindako denbora hobetzea.

San Pedrok -Ion Fidalgo patroi lanetan aritu zen- bakarrik lortu zuen, soilik hiru segundogatik, baina horrek lidergoa eman zion. Sufrituta lortu zuten, Aitor Aristi patroi lanetan, “Telmo Deun” ontziak egindako lan bikaina hobetzea -Arkoterekin lehia polita mantendu zuten eta laugarren ziaboga ostera arte ezin izan zioten aurrea hartu-.

Lehen txandan, Gonzalo Carrion entrenatzaileak zuzentzen duen “Ama Guadalupekoa” trainerua, Iker de la Linde patroi lanetan, oso sendo aritu zen arraunean eta txanda irabaztea lortu zuen.

ETE: KAIKU, LIDER BERRIA

Kaikuk Bizkaiko Txapelketan erakutsi zuen aurtengoa denboraldi bikaina izan daitekeela. Larunbatean, bigarren sailkatua izan zen “Bizkaitarra”, eta atzo (3 luze eta 2 ziaboga), Jone Garcia de Andoin patroi lanetan, lehen garaipena lortu zuten sestaoarrek eta lider jarri ziren, Zumaiarekin 15 punturekin berdinduta. Lehen ziabogatik aurrea hartu zuten bizkaitarrek eta ondoren, Astillerok pattalaldi nabarmena izan zuen bigarren luzean.

Bigarren biraketan, Kaikuk nagusitasuna erakusten jarraitzen zuen eta lau segundoko aldea zuen Zumaiarekiko. “Telmo Deun” ontziak ezustekoa izan zuen biraketan, arraunak alde egin baitzion aurrekalariari. Hala ere, bigarren postuari eustea lortu zuten eta Deustu hirugarren izan zen.

Zarautz, lehen txandatik eta Amaia Apezetxea patroi lanetan, laugarren izan zen bere txandan egindako lan bikaina eta gogorrari esker.