Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

«Merci, mon ami»

Erresuma Batuko Sunak presidenteak esan zion Macroni, bostekoa emanez. Calaiseko oihanean biltzen ziren migranteak Mantxako kanala zeharka ez zezaten 540 milioi euro eman zizkion Macroni. Dirutza horren zatirik handiena atxikitze zentro bat eraikitzeko izango da. Orain Bibby Stockholm izeneko «espetxe ontzi» bat ezarriko dute hegoaldeko uretan, migranteak haien lurretara irits ez daitezen. 500 pertsona sartzeko moduko «itsas-Guantanamo» bat da. Garestiegi ateratzen zaie jende pila hoteletan sartu behar izateak, kexatu da bertako barne ministroa. Eta gaineratu du sistema «ordenatua, errentagarria eta jasangarria» izango dela. Europako Batasunak ere 3.000 milioi baino gehiago eman dizkio Turkiako presidenteari, migranteen etorria oztopatu ahal izateko. Espainiak Marokori 62 milioi, Europarako sarrerak babesteko asmoz; matoi lanak egiteko, labur esanda. «Quid pro quo», gauza bat beste baten truke, alegia. Hemen debaldetan ez da ezer ematen. Rajoyk esan bezala, arazoak sortzen diren lekuan konpondu behar baitira, ez dezatela gurera arazorik ekarri.

Mediterraneoan uste da 27.000 lagun ito direla honezkero. Azken giza hondamendia egunotan gertatu da Peloponesoko uretan. Ontzi-txatar batean zihoazen ehunka migrante ito dira bertan Italiara bidean. Haurrak eta emazteak gehienak. NBEk samina agertu du, Europako Batasuneko burua ere atsekabetuta agertu da. Greziako eta Europako agintariak jakitun ziren ontzia urperatzear zela. Baina heriotzaren fabrikatzaileek Giza Eskubideen lurraldea harresitu nahi dute «bestea» eragozteko.

Migranteak «mamu» bilakatzeak, irtenbideak baino, arazo gehiago ekartzen ditu, Matteo Biffoni Italiako Udalen Elkarteko immigrazioko ordezkariaren esanetan. Fenomenoa larrialdi moduan kudeatzeak arazoak biderkatu baino ez dituela egiten, dio.

Amets baten atzetik doana beti saiatuko da zirrikitu baten bila. Ezer galtzekorik ez duenak dena dauka irabazteko. «Nire ama pozik da ni hemen nagoelako» esan zidan Hakimek behin, «merci, mon frère» esan eta gero.