GARA
BILBO

Zinegoak jaialdiak 20. urteurrena ospatuko du «harrotasun» osoz

Zinegoakek edizio berezia biziko du aurten, biziki berezia; izan ere, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainean egingo da lehen aldiz, Harrotasun Eguna erdigunean jarrita (ekainaren 28an ospatzen da), eta, bere hogeigarren urteurrena dela eta, kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera antolatu dira.

Jaialdia prestatu duen taldea, Arriagan atzo egindako aurkezpenean.
Jaialdia prestatu duen taldea, Arriagan atzo egindako aurkezpenean.

Data berriekin dator Bilboko Zinegoak jaialdia: ekainaren 23tik uztailaren 3ra Bilboko hainbat aretotan proiekzioak, solasaldiak, arte eszenikoak, jaiak eta kontzertuak izango dira, jai eta aldarrikapen giroan. Aurten ere Euskal Herriko 50 herritara zabaldu da.

Arriaga antzokian atzo emandako prentsaurrekoan, Alaitz Arenzanak, jaialdiko zuzendari artistikoak, berregituraketaren eta daten aldaketaren zergatia argitu zuen: «Aldatu egin dira, sentsibilizazioan eta salaketa lanean jarraitu ahal izateko, artearen, zinemaren eta kulturaren bidez gizartea eraldatzen lagunduko duten iruditeria eta narrazio berriak bultzatuz». Era berean, edizio honetan «Zinegoakek identitate aldakorretan jarri du arreta, generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela ulertuta», aipatu zuen.

Film luzeen sail ofizialean, 16 film lehiatuko dira jaialdiko ohiko hiru sailetan, FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak) delakoetan; Brasil, Kanada, Libano, Suitza, Portugal eta Argentinakoak dira, besteak beste. Gainera, ikusleek hainbat solasaldi izango dituzte aurrez aurre film horietako zinemagile eta protagonistekin; esaterako, “Alteritats” dokumentalaren zuzendari Alba Cros eta Nora Haddad Casadevall-ekin, eta “Sirens” dokumentalaren protagonista Lilas Mayassirekin, Libanoko Slave to Sirens metal taldeko kidearekin.

Sail ofizialean, halaber, 25 film labur lehiatuko dira, eta atal horretan hainbat berritasun prestatu dira, horien artean bi ziklo berri. Aurtengo edizioa ekainaren 26an hasiko da ofizialki, Arriaga antzokian bertan egingo den inaugurazio galarekin (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskura daitezke). Ekitaldia Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute, Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiekin eta Angeles Cruz zuzendari oaxakarrak jasoko du DAMAk babestutako Zinegoak 2023 Ohorezko Saria.

Aldez aurretik, asteburu honetan, “3, 2, 1... Zinegoak!” aurre-jaialdia: ostiralean, Guggenheimen, Nina Menkes zinemagilearen “Brainwashed Sex-camera-power” dokumentala; larunbaterako egun osoko programazioa dago antolatuta La Sinsorgan, Bilborocken -Dantzerti eta Musikenek bultzatutako “Gure garaian” antzezlanaren estreinaldiarekin, LGTBIQ+ adinekoen testigantzetan oinarrituta- eta igandean, Bira Kulturgunean, Angeles Cruz eta Irantzu Varelaren arteko solasaldia egingo da Bilborocken.