Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Egitatea

Arteak egitatea kontatu du beti. Orain, berriz, antzerkia bihur daiteke artearen azken gizatasun gune, gainerakoa adimen artifizial batek egin dezakeelako». Horrela mintzatu da Sergio Peris-Mencheta antzerki-gidoilari eta aktorea, IAren fenomenoaz galdetuta.

Aspaldi kolokan dago kontakizunetarako baliabideen sinesgarritasuna. Hizkuntzaren perbertsioak errealitatea asmatzeko bide eman du. Ez da soilik hauteskunde giro polarizatuan jazotzen ari; pribilegioetatik eraikitako estrategia ezin zorrotzago baten ondorio bikaina baita. Manipulaziotik errealitateak asmatzera igaro gara. Dela erakunde armatu baten existentzia, dela jendarteren erdiak pairatzen duen bortizkeriaren ukazioa.

“El jardín de las delicias” artelanaren inguruko ikerketa plazaratu da egunotan. Antza denez, Prado Museoko bisitariok ezkerretik hasten gara koadroa ikusten, baina askoz denbora luzeagoa ematen dugu eskumaldea aztertzen, infernua marraztuta dagoen eskumaldea, hain zuzen.

Ez da kasualitatea errealitateen asmatzaileek kulturarekiko duten politika ezabatzaile eta zentsuratzailea. Erraza dute irabaztea, honezkero ez baitakigu kasik artea irakurtzen eta, Europa gero eta eskumarago jotzen ari bada ere, jendarteak gero eta gutxiago begiratzen dio infernu bilakatu den Mediterraneo itsasoari.