Goazen gaur arratsean, etorriko gara bihar goizean

Urdiaingo neska gazteek gaurko egunez kantatzen duten San Joan Kantaitak horrela dio bigarren estrofan: «Guazen San Juanera gaur arratsian/ Etorriko gerala bihar goizian...». Asmo horretan makina bat jende kaleratuko da gaur Hernanin, Tolosan, Andoainen, Mungian, Arbizun, Arrasaten, Diman, Barañainen, Berrizen... Suaren bueltan bildu, dantzatu eta kantatu, garrak jauzika gainditu eta urteko gaurik motzenari merezi duen bezalako luzatua eman. Ez da planik txarrena. Iritsi da uda, eta iritsi da berarekin dakarren guztiari bide emateko tenorea. Eta notizia on bat daukagu: honek ez du etenik izango puska luze batean.