NAROA APAOLAZA
BILBO

Guggenheim Museoa bereganatu du Yayoi Kusamaren unibertsoak

Yayoi Kusama artista japoniarraren erakusketa ikusgai egongo da gaurtik aurrera Bilboko Guggenheim Museoan. Hong Kongeko M+ museoaren lankidetzari esker Yayoi Kusamak zazpi hamarkadetan zehar izandako ibilbide artistikoa ezagutzeko eta artistarekin konektatzeko aukera izango dute bisitariek. Kusamaren espazio infinituak, orbanak, autorretratuak, landareak eta eskulturak ikusgai egongo dira Bilboko museoan urriaren 8ra arte.

Yayoi Kusamaren sorkuntza gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak.
Yayoi Kusamaren sorkuntza gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Yayoi Kusama artista japoniarraren margolanak, eskulturak eta instalazioak biltzen dituen erakusketa jasoko du Bilboko Guggenheim Museoak gaurtik urriaren 8ra. Han, artistaren ibilbidea ezagutu eta bere artearekin konektatzeko aukera izango dute bisitariek. Bilboko museoak Hong Kongeko M+ museoarekin lankidetzan antolatu du Yayoi Kusamaren “1945etik gaurdaino” erakusketa.

Atzo aurkeztu zuten erakusketa, eta bertan aritu ziren Suhanya Raffel M+ museoaren zuzendaria, Doryun Chong eta Lucia Agirre komisarioak, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia eta Fernando Garcia Sanchez Iberdrola Fundazioaren presidentea (babeslea).

Yayoi Kusama XX. eta XXI. mendeetan zeresan handia eman zuen artista da; zazpi hamarkadatan zehar, etengabe sortzen aritu da, aldi oro garatuz eta bere sentimenduak eta barne gatazkak adierazteko bide berriak bilatuz.

XXI. mendeko arte garaikidearen eta ikono kulturalaren figura garrantzitsuenetakoa denari eskainitako atzera begirako erakusketa da.

Kusamaren margolanak, marrazkiak, eskulturak, instalazioak eta bere performanceen inguruko hedabideen artxiboak erakutsi dira. Erakusketaren bitartez, bisitariek artistaren unibertso obsesibo, berezi eta abangoardistan murgiltzeko aukera izango dute.

LANDUTAKO GAIAK

Lehenengo aldiz, erakusketa kronologikoki ez ezik, gaika banatuta dago. Infinitua, metaketa, konektibitate erradikala, alderdi biokosmikoa, heriotza eta bizitzaren energia dira erakusketako gaiak, bakoitza areto batean banatuta dago. Erakusketaren komisarioek adierazi dute egokiagoa dela horrela ordenatzea, obrak hobeto ulertzeko.

Lucia Aguirre erakusketaren komisarioa asko pozten da «benetako Kusama» erakusteko aukera izateaz, erakusketa honen bidez, artistaren ibilbidea bete-betean islatzen saiatu baita. Kusama etengabe bere artea defendatzen aritu izan da, askotan isilarazten saiatu diren arren.

Horrez gain, nahiz eta bizimodu latza izan, tartean bere buruko gaitzak direla-eta, etengabe sortzen jarraitu du; berarentzat artea «sendagaia» dela adierazten du. Kusamaren artea «paregabea» da, oso modu trebean lotzen ditu bere barne gatazkak, izandako bizipenak eta bere «unibertso infinitua».

ARTEA NEGOZIO

Horrez gain, betidanik oso modu trebean aritu da bere irudia hedabideen artean saltzen, eta artea negozio bilakatu zuen lehengoetarikoa izan zen. Erakusketan ikus daiteke Kusama alor askotan aitzindaria izan dela, eta beste artistekin izandako harremanak ere islatzen dira; adibidez, Joseph Cornell-ekin.

Erakusketa Guggenheim Museoaren lehenengo solairuan dago. Horretaz gain, Yayoi Kusamaren “Infinituaren ispilu sala” instalazioa ikusgai dago hirugarren solairuan. Instalazio mota hauek oso ospetsuak bilakatu dira, bereziki sare sozialen bidez.

M+ Museoaren lehenengo lankidetza izan da Yayoi Kusamarena. Juan Ignacio Vidarte Guggeneheimeko zuzendariak adierazi zuen horrelako artista baten lanak jasotzea plazer bat izan dela, baita Hong Kongeko museoarekin elkarlanean aritzea ere.

Horrez gain, erakusketa hirian ezagutzera emateko xedez, Yayoi Kusamaren orban gorriak museoaren urmaelean ikus daitezke; artistaren ezaugarri nabarienetakoa da.