GARA
SENPERE

Etxe bat okupatu dute Senperen, salmenta espekulatiboa galarazteko helburuz

ELB laborarien sindikatuak, Lurzaindia elkarteak, Ostia sareak eta senpertarren kolektiboak bultzaturik, etxalde baten okupazioa jarri zuten abian atzo goizean Senperen.

40 bat lagun inguru bertaratu ziren Martienia bidean kokatua den Olha etxera, «guztion artean salmenta espekulatiboa hausteko asmoz». Bazter aski isolatu batean kokatzen den etxaldean lehen gaua igarotzeko antolaketa lanei ekin aitzin, “Euskal Herria ez da salgai”, “Espekukazioari ez” eta “Terres agricoles en danger, occupons!” leloekin, banderolak ezarri zituzten.

Etxaldearen jabeak borrokan ari diren kolektiboei lurra 200.000 euroan erosteko luzaturiko proposamena izan da etxalde horren inguruan azken asteetan izan den eztabaidaren azkeneko kapitulua.

Alta, jabeak, etxebizitzaren truke, prezio zinez altua eskatzeko asmoa berretsi du negoziazio horretan: 1.000.000 euroan saldu nahi baitu bere etxea.

Espekulazioaren kontra jarduten duten kolektiboek ez dute proposamena onartu; haien ustez, laborantzarako lurrak prezio horretan ordainduz gero, espekulazioa elikatuko bailukete. Akordioaren faltan, ekintzetara pasatu dira.