Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Maskara baten aitortza» eleberri japoniarra euskaraz irakurgai

Japonieratik euskarara zuzenean ekarritako liburu gutxien artean dago “Maskara baten aitortza”. Iker Alvarezek itzuli du, Igela argitaletxea lagun duela. Yukio Mishimaren eleberria da: gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen inguruko nerabe baten kezkak jasotzen ditu.

«Maskara baten aitortza» eleberriaren aurkezpenean, Angel Erro gibel-solasaren egilea eta Lander Majuelo editorea.
«Maskara baten aitortza» eleberriaren aurkezpenean, Angel Erro gibel-solasaren egilea eta Lander Majuelo editorea. (Maialen ANDRES | FOKU)

Japonieratik zuzenean euskarara itzulitako literatur lanak esku bakarrarekin zenbat daitezkeela dio Lander Majuelo Igela argitaletxeko editoreak. Bada, atzo goizean aurkeztu zuten “Maskara baten aitortza” horietako bat da. Tokio eta Donostia artean egin zuten aurkezpena, eta ez eleberriko kokalekuagatik bakarrik: izan ere, Iker Alvarez itzultzailea Tokion bizi da, eta bideo dei bidez batu zen Angel Erro eleberriaren gibel-solasaren egilearekin eta Lander Majuelo editorearekin egindako aurkezpenera.

Yukio Mishimaren heriotzak bere literatur lanak itzalpean utzi izan baditu ere, Japoniako literaturan idazle arrakastatsua dela kontatu zuten aurkezpenean. “Maskara baten aitortza” eleberrian «gaztetxo baten loratzea» ikusten dela azaldu zuen Majuelok, eta bide horretan, nerabeak dituen gorputzaren, desiraren eta sexualitatearen inguruko kezkak aurkitzen direla. Eleberri autobiografiko gisa izendatua da, Mishimaren bizitzaren eta eleberriko gaztearenaren arteko antzekotasun eta berdintasunengatik.

Alvarezen ardura izan da sorkuntza japoniarra itzultzea, eta idazlearen «hiru lilura handiak» eleberri honetan aurki daitezkeela aitortu zuen: edertasuna, egia eta tradizioa. «Egiaren lilura» litzateke eleberri honetan zentralitatea hartzen duen elementua. Protagonistak, bere kezken aurrean, psikologiako gidaliburuetara jotzen du, egia zientifikoa bilatze aldera. 1949an idatzi zuen Mishimak eleberria eta homosexualitatearen kontzeptu garaikidea landu zuela kontatu zuen itzultzaileak: «Garai horretan, homosexualitatea delitu bezala ulertzetik gaixotasun gisa ulertzera pasa ziren. Eta beraz, protagonistak -eta Mishimak- ulertzen du bere desirarena ez dela zuzendu dezakeen akats bat, eta hor hasten da maskara soinean janzten».

Maskarak jantzi eta erantzi.

Izenburuan kontrakoak diruditen bi hitz egotea kontraesankorra izan daitekeela aipatu zuen Errok. Izan ere, aitortza gardentasunarekin lotuta egon daitekeela uste du, eta maskarak, berriz, performancea adierazten duela edo zarena ezkutatzea dakarrela.

Errok Mishimaren lan gehiago irakurri zituen gibel-solasa idazteko, eta harrigarria iruditu zitzaion maskararen kontzeptua nola erabiltzen zuen: «Zein irudi proiektatzen zuen asko pentsatzen zuen. Bere bizitzan ere maskararen jolasa oso presente zegoen, asko pentsatzen zuen noren aurrean zer erakutsi ».

Eleberriak amaiera irekia du Erroren arabera: maskara bat kentzen du, baina irakurlearentzat irekita geratzen da.