Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Bizikidetzaren aldaerak

Zer irudikatzen dugu «bizikidetza» kontzeptua entzutean? Ohikoena da gatazka politiko baten amaierari lotzea; horren emaitza izan behar omen da. Testuinguru horretan bihurtzen dira hizpide presoak, biktimak, elkarren aitortza, justizia errestauratiboa eta antzekoak. Horiek aipatzen ditu Teresa Whitfield britainiar adituak hedabide honetan egindako elkarrizketa mamitsuan. Bizikidetza hizpide ere bihurtzen da kultura- edo erlijio-aniztasunak eragindako mundu ulerkera desberdinak batera bizi direnean. Bestearen lekuan jartzeko enpatia eskatzen du horrek eta ez da batere erraza.

Alta, deigarria da nola alda daitekeen bizikidetza ulertzeko era adinaren arabera. Emakume gazte bati galdetu diot ea zer datorkion burura bizikidetza aipatuz gero. Herri mailako harreman onak irudikatzen dituela erantzun dit. Zentzuzkoa iruditu zait. Izan ere, komunitateari buruzko gogoetak maila horretan egiten hasi ziren. Eta komunitatearen oinarrian, duda barik, bizikidetza dago. Baina eremu batzuetan bizikidetza eraikitzen irmoki saiatu arren, kontzeptuak ospe txikia du beste arlo batzuetan. Oso gutxi erabiltzen da feminismoan, adibidez. Zergatik? Ez da beharrezkoa? Eta berdin gertatzen da euskararen sustapenari lotutako zenbait sektoretan. Bizikidetza tranpa bat dela esan du lagun euskaltzale batek, euskaldunok amore eman dezagun asmatuta. Berehala oldartu lekioke erdalduna. Jarrera autoritarioa deitoratuko dio eta euskara maitatu gabe bizitzeko eskubidea duela gehitu. Bietako bat izan behar da irabazle?

Jende askok uste du bizikidetza kontzeptu hutsala dela baina, sarritan, erronka handia da horretaz berba egin dadila lortzea. Sakonki. Arriskuak eta akatsak onartuz. Bestearen etsia ulertzen saiatuz eta geure ikusmoldea errespetuz adieraziz. Nor bere burbuilatik irtenda, zelako gizarte harremanak irudikatzen ditugun galdetuz geure buruari, herritar prestuak behar baitira eta horrek lan eskerga eskatzen du. Erabakitasun politikoa eta ausardia. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!