Iraitz MATEO
UDAKO IKASTAROA

Anjel Lertxundiren ibilbideko obretan barrena

Anjel Lertxundi idazlearen ibilbidea eta bidean idatziriko obrak aztertu zituzten ostegun eta ostiral goizean Donostian, EHUk antolaturiko ikastaro batean. Bi egunetan zehar, talaia ezberdinetatik erreparatu diete Lertxundiren lanei. Atzo, feminismoa, komunitatea, memoria eta ahozkotasuna izan zituzten hitzetik hortzera.

Danele Sarriugarte eta Anjel Lertxundi solasean, atzo goizean.
Danele Sarriugarte eta Anjel Lertxundi solasean, atzo goizean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ez da askotan gertatzen autore baten obrak aztertu, hausnartu, eztabaidatu eta ikuspegi ezberdinetatik plazaratzeko jardunaldietan autorea bera bertan egotea. Egoerak eragiten dituen deserosotasunei aurre eginez, ordea, bertan egon zen Anjel Lertxundi idazlea ostegunean eta ostiralean EHUk antolaturiko udako ikastaroetan. Bere obra eta ibilbidea landu zituzten, eta Lertxundik «hirugarren idazle bati buruz» ari izan balira bezala jarraitu zuen ikastaroa, hitz egiten ari zena bera zela jakitun. Amaiera aldera aitortu zuen, bere hurrengo lana prestatzen dabilela: hiztegi bat izango da, berezia, bere lanetan ezaguna den Berbelitzen ikuspegitik egingo baitu.

Atzo goizean Lertxundik berak ere hitz egin zuen, Danele Sarriugartek, «gai orokorren» inguruan galdeginda. Pasa den astean Zarautzen egin zioten ekitaldiari eta aste honetako ikastaroari lotuta, «zurrunbilo» batean aurkitzen dela aitortu zuen zarauztarrak.

Lertxundiren idatzietan idazle zein erreferentzia feministak aurki daitezkeela kontatu zuen Sarriugartek, zaurgarritasuna zein zaintza ere presente daudela bere lanetan, eta feminismoak bere idazle ibilbidean zein ekarpen egin dion galdetu zion. Lertxundik aitortu zuen, galdera entzundakoan ama etorri zitzaiola burura. Zarauztarraren ama gaixo zegoen eta horrek «asko markatu» zuela azaldu zuen. Ondoren, emaztea gaixotu zitzaion eta denbora zaintzara bideratzea erabaki zuen. «Emazteak esaten zidan asko ari nintzaiola laguntzen, baina alderantziz izango balitz, eta ni gaixo egon, berak seikoitza egingo zukeen; genero rol jakin batzuk guregan ditugu oraindik».

“Hamaseigarrenean, aidanez” lan ospetsuaren inguruko anekdota bat kontatu zuen: «Kontakizun hori aspalditik nuen buruan, baina ez nuen nola enfokatu asmatzen. Gertakari bat dela-eta konturatu nintzen protagonista ez zela gizonezkoa, sufritzen ari zen emakumearen paperetik kontatu behar nuela».

Komunitatea ardatz

Belaunaldi bakoitzak bere buruari soilik begiratzen dionaren irudipena duela azaldu zuen, eta horrek kezka sortzen diola: «Iruditzen zait letren munduan ez dagoela lehenaren presentziarik, beti uste dugula lehendabiziko aldiz gu ari garela gauzak egiten». Egungo euskarazko literaturan topatzen dituen zenbait ideia kezkagarri ere agertu zituen: zabalkunde urria, indibidualismoaren gorakada eta , «iragan kulturalik» ez dugunaren sentsazioa, besteak beste.

Komunitateaz hitz egin du Lertxundik, eta definizioaren bila disko gogorra arakatu ostean, Xabier Letek esana ekarri zuen: «Abertzaletasuna hutsaren gainetik komunitate bat da, historia, kultura eta hizkuntza baten etxea». Komunitateak sortzaileei «marko artistiko» bat ematen diela dio: «Ni-aren konpromiso partikularretik komunitateari erantzun behar zaio, kanpo merkaturik ez balego bezala idatzi, komunitatearentzat eta komunitatetik; horrela, etxekoa eta unibertsala batera izango da».