Jon GARMENDIA
EUSKAL HERRIA ZUZENEAN

Irisarriko azken urteari gogotsu ekin dio EHZ-k

Euskal Herria Zuzenean jaialdia atzo hasi zen «Etengabe azalberritzen» lelopean, Irisarrin egin behar duten azkena, hain zuzen ere. Datorrenak ostatu non hartu behar duen zehaztu gabe dagoelarik, euripean baina irriz eta jendez lepo eman zioten hasiera jaiari. Urtero legez, programazio oparoa prestatu dute antolatzaileek.

Euskal Herria Zuzenean jaialdia hasi zen atzo. Irisarrin egingo duten azkena da eta, urtero legez, jende ugari gerturatuko da bertara.
Euskal Herria Zuzenean jaialdia hasi zen atzo. Irisarrin egingo duten azkena da eta, urtero legez, jende ugari gerturatuko da bertara. (Patxi BELTZAIZ | FOKU)

Ekain hondarrak eta uztail hastapenak kolore bakar batez biltzen du ipar Euskal Herria, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren kolore anitzak zehazki. Aurten, 27. edizioan, “Etengabe azalberritzen” leloari hiru herensugek eman diote kolore, eta lau urteren ondoan azken aldiz iraganen da Irisarrin, Errobi ibaiaren bidean, 10 udalerriz osatutako Arberoa eskualdean, Nafarroa Beherean.

Antolakuntzatik nabarmendu gisa «sugea bezala EHZk sigi-saga segitzen du bere bidea, Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik iragan ondotik, etengabe azal berritzen, biharko belaunaldiek Herensugea xingola berriekin janzten segi dezaten. Berriz ere denek osatzen dugun Herensugea plazara jautsiko da Irisarrin, gure pindarrak zazpi haizetara ufatzeko, auzolanaren sua pizteko eta euskaratik euskarara arnasteko».

Euskal Herriko toki desberdinetatik heldu zen jendea atzo jaialdiaren bihotzera. Gu ere Lapurdiko kostatik barnealderako bide sigi-sagatsua hartuta, zelai berdeak uda atarian ikusiz heldu ginen; jaialdiko lehen arrastoak Luhuson ziren, sarrerako horma-irudian leitu genituen handiz “EHZ, lotu borrokari” leloa eta “Brigada Ubela & Eskualdeko Sorginak”. Idatzitako lerro labur batzuk ere bai: «Popo maitea, desagerrarazi zintuzten, Jonekin egin berri duten bezala, baina zapalkuntza guztien gainetik borrokan tinko segituko dugu. Uda berriak jinen dira», itxaropenari atea zabalduz beti herri zahar hau.

«Arrosako zolan, kantu zirimolan, nahiz eta telebistan ez gaituzten modan, euskararen garra, lokarri azkarra, gau ilun honetako gure artizarra, zazpiehun langilez, sutsu ta ekilez oraina ta geroa ez ditaizke berez, kontzertu honen bidez, musika eztiez, euskal izen ta izana, betikotz bat bitez» zioen Aitor Renteria «Txatok» lehen edizio hartarako idatzitako kantuak, eta modak jarraitzen duela erranen genuke, nahiz eta hedabide nagusietan oihartzuna lortzea kosta egiten zaion oraino.

«Baina herritarren artean aski hedatua da» ziurtatzen zigun Maiena Uhart aurtengo irudiaren sortzaileak, komunikazioaren arloan boluntarioki lanean dabilenak.

Aterik jo gabe sartzen da euria gurean, eta lehorterik handienaren aroan bisita egin zion tantaka. Ikusiko da nola pasatzen diren hiru egunak, baina «irriek jarriko dute eguraldi ederra, gu ilusioz gira, eta eguraldia ez da oztopo izanen» azpimarratzen zuen Maienak: «Iazko urtearekin alderatuz sarreren salmenta antzekoa izan da, eta jendetza errezibitzeko prestatu gira».

EHZk duen indarguneetako bat da laguntzaileena: «Gazte ainitz izan da laguntzaile, Lizeoetara joan ginen elkarte bat zer den azaltzera, ekimen bat nola muntatu agertzera, eta proiektua hedatuz ezagunago egiten saiatu gira, hortik gazteak heldu dira laguntzera, eta ahantzi gabe, AEKko laguntzaile talde bat ere badugu».

Kanpalekuetara lehen autoak iritsi, gazteek oihal etxeak muntatu eta puskak utzita, herrian zehar giroa sumatzen zen arratsalde partean. Agurraren urteak tristurarik ba ote zekarren galdetu genion Maienari: «4 urte pasa ondotik Irisarritik mugituko gira, oraino ez dakigu norat. Irailean bilkura bat eginen dugu, denei irekia. Herri bat atzematea da gure xedea, herria hautatu, pentze bat atzeman, eta herritarrekin lan egiteko prestatu, baina mementukotz “aio” eder bat egin nahi diogu Irisarriri, momentu biziki onak pasatu baititugu hemen eta herritarrekin».

Eszenatokiari azken ukituak ematen harrapatu genuen Aitz Amilibia: «26 urte egin ditut teknikari gisa EHZn, beraz, edizio guztietan egon naizela erran dezaket, Heletatik aitzina zuzendaritza teknikoan, oholtzetako ordutegi eta programazioaren arduran. Baina lehen edizioan musikari gisa aritu nintzen».

Bitxikeria dirudiena historikoa dela ohartuta, hori sakontzeko eskatu diogu: «ZTK osatzen genuen, Zima Talde Koordinakundea, Iparraldeko rock musikariak ginen Kapten Egurrak, Txingoma 2, Haurtzarrak… ederra izan zen». Bilakaeraz galdetu genion orduan: «Hastapenean apustu handi gisa ikasi nuen, eta indartzen joan zen, baina herri identitatea galtzen ikusi nuen gero, ez diot negatiboki, baina uste dut musika internazionalari anitz begiratu ziola garai batez, eta orain berriro lur berera itzuli dela erranen nuke: hona erdal jendea bilduz euskal jendearekin lan egitera, elkarlanaren baloreak eta elkarteen arteko loturak sendotuz, herri musikari tarte eginez… itxaropentsu begiratzen diot geroari», esan zuen.

Baigura eta Basaburu

Programazio aberatsa landu dute urtero legez; hala nola autodefentsa tailerra, biharko energiari buruzko azalpenak, besta eredua eta erasoen aurkako protokoloa, elikadurari buruzko hausnarketa, laborariak gazte munduan, gazteak laborari munduan, borroka sozialei buruzko begirada...

Baina ezin uka musikak eta pentzeko kontzertu handiek dutela distira gehien. Horrela, gaur larunbatez, Baigura eszenan Dia dj-ak, Mars Red Sky, Billie Brelok, Gatibu, Zetak, Krav Boca eta Vapa talde handiak arituko dira. Eta ez ttipiago, baina Basaburuko eszenaren neurri txikiagoan, Ixabe, Arima, Nize, Aho Zakil Konekxion, eta Ztah lapurtarrak.

Biharko egunez, aldiz, Afrika Bibang, Daudane, Kolinga, Kristonak, Soulfly eta FM Belfast izanen dira Baiguran, eta Txaranga Jaiak, Sofa, Pisoo Oph eta Estelle.D artistak arituko dira Basaburun.

«Uhainen ildoan, asmoak geroan, elkarren ezagutza daukagu gogoan, munduko erronkak, herrien borrokak, bildu gara hausteko zapalkuntzen sokak, dantza ta irria, kantuz ilargia, gau hontan zoriontsu da Euskal Herria».

EHZk iraun bitartean, seguru baietz.