Haritz LARRAÑAGA

Caitlin Simmers eta Yago Dora nagusi Brasilgo olatu bihurrietan

Ezustekoak izan ziren CT itzuliko 8. txapelketan Brasilen. Gabriel Medina, Italo Ferreira eta Tatiana Weston-Webb faboritoak azkar kaleratu zituzten eta, aldiz, Yago Dora eta Caitlin Simmers gazteek txapela eskuratu zuten. Rankingak aldatu egin dira.

Caitlin Simmers txapeldun estatubatuarra, pozarren.
Caitlin Simmers txapeldun estatubatuarra, pozarren. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Brasilgo txapelketak brasildarrek CT rankingean gora egiteko balioko zuela aurreikusten zen, baina inork gutxik espero zuen brasildar famatuenek behera egingo zutela eta, aldiz, hasiberriek gora egingo zutela. Gabriel Medina eta Italo Ferreira azkar kaleratu zituzten mutilen txapelketan, eta nesken kategorian ere gauza bera gertatu zen Tatiana Weston-Web brasildarrarekin. Aitzitik, hasiberriak nagusi izan ziren Brasilgo olatu bihurrietan eta, horrela, txapela irabaztearekin batera, sekulako maila dutela erakutsi zuten Caitlin Simmers eta Yago Dora txapeldunek.

Baldintza oso zailak izan ziren Rio De Janeiroko Saquarema hondartzan joan den astean; metro bateko haize olatuak mendean hartzea oso zaila zen, baina baldintzak berberak izan ziren guztientzat eta batzuk besteak baino hobeto aritu ziren. Bi irabazleen kasua aipagarria da; olatuak indar apur bat hartzen zuen bakoitzean ariketa indartsuak egiteko gai izan ziren, batzuetan hondartzatik etortzen zen errebote uhinari aurre eginez, gainera. Yago Dorak, esaterako, hamarrekoa lortu zuen finalean olatu labur eta zail batean itzelezko aireko bat eginda.

Iaz Saquareman txapela eskuratu zuen Filipe Toledo hirugarren txandan kaleratu zuen Jason Andre aberkideak baina, hala ere, CT rankingean lehen postura igotzea lortu du. Andre izan zen bigarren txandan Griffin Kolapinto kaleratu zuena ere, eta, ondorioz, likra horia galdu zuen estatubatuarrak eta egun bigarren postuan dago rankingean.

Gabriel Medinak eta Italo Ferreirak ere ez zuten hirugarren txandara iristea lortu. Oso indartsu hasi ziren, baina aurkariak gutxietsi zituzten eta biek behera egin dute rankingean. Gabriel Medina zazpigarren postura jaitsi da eta Ferreira hamaikagarren postuan dago gaur egun.

HASIBERRIAK NAGUSI

Brasilgo bi txapeldunak hasiberriak dira; hau da, lehen mailan lehiatzen diren lehen urtea da; beraz, garaipen esanguratsuak izan ziren haientzat. Caitlin Simmers estatubatuarrak 17 urte besterik ez ditu eta jada lehen mailako bi txapelketa irabazi ditu, Brasilgoa eta martxoan Portugalen egin zena, biak baldintza oso zailetan. Yago Dora brasildarrak, ostera, lehen txapela du CT lehiaketa batean eta honek ere bere bigarren emaitza hoberena Portugalen eskuratu zuen, finalerdietara iritsi baitzen.

Bi irabazleak ezbairik gabe nagusitu ziren finalean. Simmersek bi bider munduko txapelduna izan zen Tyler Wright australiarra izan zuen parean azken txandan, baina estatubatuar gaztea ez zen kikildu eta bere onena eman zuen. Horrela, 14,66 puntu bildu zituen bere bi olatu hoberenekin (8,33+6,33) eta Wrightek soilik 9,80 puntu eskuratu zituen (5,50+4,30).

Mutilen kategorian ere antzeko zerbait gertatu zen. Ethan Ewing australiarra ari zen irabazten, baina halako batean Yago Dorak hamarreko bat lortu zuen aireko zail bati esker eta hortik aurrera bere aurkariak ezin izan zion buelta eman markagailuari. Dorak 14,83 puntu bildu zituen (10+4,83) eta Ewingek 10,83 puntu lortu zituen (6+4,83); beraz, alde handia atera zion brasildarrak australiarrari.

Brasilen eskuratutako garaipenari esker bi lehiakideek rankingeko lehen bost postuetan sartzea lortu dute eta horixe da lehiakide guztien helburua oraintxe bertan; izan ere, irailean Trestlesen (Kalifornia) egingo den Final Handirako bost lehiakide sailkatuko dira kategoria bakoitzean eta egun horretan erabakiko da aurtengo munduko titulua nork irabaziko duen; ondorioz, egun, lehen mailako lehiakide guztiek duten helburu nagusia aurtengo itzulia lehen bost postuetako batean amaitzea da, horrela, Final Handian lehiatu ahal izateko.

Caitlin Simmersek bi postu egin ditu gora rankingean eta horrela bosgarren postua kendu die berdinduta zeuden Stephanie Gilmore eta Tatiana Weston-Web aurkariei. Ondorioz, australiarra eta brasildarra seigarren postura jaitsi dira, baina gainerakoan ez da aldaketarik izan lehen postuetan. Carissa Moorek likra horiarekin jarraitzen du; bigarren postuan Brasilen bigarren geratu zen Tyler Wright dago; hirugarrenean Caroline Marks dago eta laugarrenean, Molly Picklum.

Mutilen rankingean, ordea, aldaketa nabarmenak izan dira. Filipe Toledo da buru; bigarren, Griffin Colapinto; hirugarren postura Brasilen bigarren postuan geratu zen Ethan Ewing australiarra igo da eta laugarren postura Joao Chianca brasildarra jaitsi da. Yago Dora zazpi postu gorago jarri da eta bosgarren postuan dago egun.

BI AUKERA GEHIAGO?

Lehen mailako itzuliko zortzigarren txapelketa zen Brasilgoa, eta, lehiakide kopurua erdira jaitsi zenetik, hirugarrena. Soilik uztailean Hegoafrikan egingo den Jeffreys Bayko txapelketa eta abuztuan Tahitin egingo den Teahupoko txapelketa egitea falta da, irailean Trestlesen egingo den Final Handian nortzuk izango diren zehazteko.

Lehen bost postuetatik gertu daudenek oraindik Final Handian egoteko aukera dute, baina beste batzuek, Kelly Slaterrek kasu, jada ez dute inongo aukerarik Final Handian lehiatzeko, ezta hurrengo bi lehiaketak irabazita ere. Gainera, Slaterren kasua oso esanguratsua da, zeren WSL erakundeak Floridakoari ez zegokion wildcard bat eman zion itzuliko lehen erdiaren ostean kaleratua izan ez zedin eta Final Handira iristeko aukera bat gehiago izan zezan.

Brasilgo txapelketan zeresana eman zuen beste lehiakideetako bat John John Florence izan zen. Hawaiiarrak hainbat postu galdu zituen azken txapelketetan eta bere onenean ez zegoela zirudien, baina Brasilen ikuskizun bikaina eman zuen beste behin ere eta lortutako hirugarren postuari esker CT rankingean seigarren postuan kokatu da. Gainera, hurrengo bi txapelketetan faboritoetako bat da Florence; izan ere, Jeffreys Bayn emaitza onak lortu izan ditu eta, ostera, Tahitin olatu handiak badira, irabazteko aukera gehien duenetako bat bera da.