IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA

Igandean Arrasaten izango da Manu Chao; kontzerturako sarrera guztiak agortuta daude

Jendea gogotsu zen artista paristarra ikusteko, eta igandean jendez mukuru izango da Monterron parkea. Arratsalde bikaina prestatu dute antolatzaileek: Burutik eta Eire taldeen emankizunak izango dira plater nagusiaren aurretik. Jada ez dago bertatik bertara ikusteko aukerarik; ekainaren 15ean agortu ziren sarrera guztiak.

2014an Donostiako Piratek Flamenkan antolatutako kontzertuan izan zen Manu Chao.
2014an Donostiako Piratek Flamenkan antolatutako kontzertuan izan zen Manu Chao. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herrian aspaldian egin zen ezagun Manu Chao abeslaria, besteak beste, Mano Negraren abestiek belaunaldi oso bat kateatu zutelako 1990eko hamarkadan. Gerora, bakarlari gisa sei disko kaleratu ditu; horietatik azkena, ‘‘Baionarena’’, 2008ko abuztuan Baionako zezen plazan grabatu zuen. Aama bilbotarra du abeslari paristarrak, eta horrek are estuagoa bihurtzen du Euskal Herriarekin duen lotura.

Igandean, iluntzean, izango da zazpi urteren ostean Manu Chao Euskal Herrian, Lizarran aritu baitzen azkenekoz 2016an. Oraingoan, akustikoan izango da kontzertua, Arrasateko Monterron parkean, Burutik eta Eire taldeen emankizunekin batera. Lehen sarrerak maiatzaren 30ean jarri ziren eskuragarri, baina minutu gutxian saldu ziren guztiak. Akats informatiko bat ere izan zen tartean. Gauzak horrela, ekainaren 15ean, beste sarrera sorta bat jarri zuten saltzeko, eta horiek ere segituan agortu ziren.

Ibilbide luzeko musikaria da Manu Chao, une gogoangarri ugari utzi ditu bere kontzertuetan. Eta ez da harritzekoa; kulturartekotasuna, gutxiengo soziala, baztertutako etniak eta ezkerreko mezuak izaten baitira nagusi bere maitasun giroko kantuetan.

Reggaea, saltsa, chansona, rocka eta aljeriar jatorriko raï musika jorratzen ditu, besteak beste, Manu Chaok, eta igandean ziurrenik ez dira faltako ‘‘Clandestino’’, ‘‘Me gustas tú’’ eta ‘‘Desaparecido’’ bezalako klasikoak. Aipatu, gainera, kantu luzeak osatzeko joera duela abeslari paristarrak bere zuzenekoetan. Ea akustikoan zer eskaintzen duen.

BURUTIK ETA EIRE

Aurretik, ordea, arratsaldeko 18.00etatik aurrera, bi euskal proiektu zinez interesgarrik emango diote berotasuna Arrasateko Monterron parkeari. Batetik, Burutik talde nafarra izango da, popa, rocka eta folka uztartzen dituen proiektu berezia. ‘‘Hamabost segundu’’ debuteko diskoa kaleratu ostean, ‘‘Zerua eta zorua: hiru kantu bakardadeari’’ lan laburra atera dute aurten, eta horiekin osatuko dute igandeko kontzertua. Bertaratutako askok sorpresa atsegina eramango du Iruñerriko taldea oraindik ezagutzen ez baldin badu.

Antzerakoa esan dezakegu Eire proiektuaz. Behetik gora dator Zarauzko Eire Salegi eta Zumaiako Eire Maiak osatzen duten bikoa. Elorrioko Gazte Topagunean eskaini zuten lehen kontzertua eta, hilabete gutxiren bueltan, Manu Chao bezalako artista baten ondoan izango dute beren logelako pop elektroniko goxoa erakusteko aukera. Hasierako gonbidatu bikainak, beraz, Arrasaten.