Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Herria, berriro ere, probokazioen gainetik

Oroitzen dudanetik sanferminak eta probokazioak batera etortzen dira. Aitzakiak aldatzen dira, baina helburua bera da: giroa berotzea, eta herri mugimenduak eta ezker abertzale-subiranista erruduntzat jotzea. Zerbait gertatzekotan, leku beretik etorri ohi da beti, baina berdin da, aurretik idatzitako gidoia horretarako baitago.

1978an hiri oso bati eraso egin zion espainiar poliziak, German Rodriguez akabatuz, jende asko zaurituz eta bestak bukaraziz. Baina, jakina, hura ere beste batzuen ardura izan zen, pankarta bat erakutsi zutelako zezen plazan… Pauta errepikatu nahi izan dute etengabe ordudanik. Debekuak, erasoak, isunak, polizia kargak, atxiloketak... zerrenda luzea da, eta alkate eskuindar berri orok bere maila erakutsi behar du probokazioaren graduak igotzeko. Ibarrolak ezin zuen guttiagorik egin, nonbait, eta urrats bat eman behar zuen, osasungintzaren pribatizazioa eta joera autoritarioak zeinen lotuta dauden oroitarazteko-edo. Barzinakeriek Barzina bezala bukatzea ekar dezakete, baina aurreko lau urtetako dinamika errepikatzen bada, UPNk behin eta berriro eginen du talka udal gehiengoarekin, eta gobernu estrategiaren faltan, hau da bururatu zaien bakarra. Probokazioen estrategiak beste estrategien eza erakusten du, beste ezer baino.

Epaileen laguntza ez da faltan egon, eta esanguratsuki, uztailaren 7an EH Bilduk egin nahi zuen ekitaldia debekatu dute. Gidoiak istiluak eskatzen ditu sanferminetan, EH Bildu egurtzeko, eta ez da oso bizkor ibili behar giroa berotzen jarraituko dutela aurreikusteko.

Gidoi horren bestaldean herritarrok gaude, beti probokazioen jomugan, baina une berean, botere handiarekin, gure eskuetan baitago estrategia horren porrota. Aurtengoa, beharbada, inoizko egoera argiena da, hauteskunde kanpainak ere tentsioa igotzen duelarik. Inoizko hautu argiena eskatzen du gure aldetik, beraz. Besta onak pasa, probokazioen gainetik pasa eta eutsi irriari!