Mikel ZUBIMENDI

Biluzik, kolpekatuta, begiak estalita: haur palestinar atxilotuekiko abusuak

Save The Children elkartearen txosten berriaren arabera, harriak jaurtitzea «delitua» egotzita, Israelek iaz ehunka haur palestinar atxilotu eta epaitegi militarretara bidali zituen. Adingabeekin jokabide hori duen herrialde bakarra da munduan. Ondorioak oso larriak dira haurrentzat. Eta herriari, azpiratua eta okupatua dela oroitarazten dio.

Soldadu israeldarrak, 14 urteko palestinarra atxilo eramaten, Zisjordaniako Al-Khalil herrian.
Soldadu israeldarrak, 14 urteko palestinarra atxilo eramaten, Zisjordaniako Al-Khalil herrian. (AFP)

Palestina okupatuan haurrak gatazkaren lehen lerroan daude. Okupazioaren mezua, gordin, bidaltzen zaie belaunaldi berriei. Zertarako? Eskarmentuak, amesgaiztoak eta zauri emozionalak bizi osorako markatu dezan herri oso baten existentzia. Izan ere, palestinarrek egunero aurre egin behar dieten ziurgabetasun, arrisku eta zigor guztien artean, agian, ez dago beren seme-alaben bizitzak markatzen dituen indarkeria baino tragikoagoa den beste ezer.

Zisjordanian, haur palestinarrak, oro har, eraso militarretan, okupazioaren aurkako protestetan edo kolonoen erasoetan hil edo zauritzen dituzte. Gazan, aldiz, eraso zuzen edo eskala handiko ofentsiba militarren ondorioz gertatzen dira halakoak. Herri oso batek, eta oso bereziki bere haurrek, pairatu behar duten errutina hilgarria da, hamarkadetan luzatu dena, munduak beste aldera begiratzen duen bitartean, edo agian horregatik, beste aldera begiratzen duelako.

Edonola ere, Save The Children elkarteak atzo plazaratu zuen txostenak haur palestinarrek jasaten duten bortizkeria mekanizatu eta instituzionalaren beste aurpegi bati erreparatzen dio: Israelen atxiloketa militarren sisteman haur palestinarrek dituzten bizi esperientziei.

INONGO HAURREK, INOIZ

Inongo haurrek ez lukete epaitegi militarrekin inolako kontakturik izan behar, inoiz. Eta, hala ere, ehunka haur palestinar atxikitzen dituzte urtero atxilotze eremu militarretan. Beren «krimena»? Harriak botatzea, 20 urteko kartzelaldia ekar diezaiekeena. Nazioarteko legedien arabera, haur baten atxiloketa azken neurri gisa gerta liteke soilik, ezin da normalizatu, eta beti haurraren eskubideak guztiz babestuak badaude.

Save The Children erakundeak gogorarazi duenez, hamar urte bete dira Unicef elkarteak haurren israeldar atxiloketa militarren inguruko txostena aurkeztu zuenetik. Hau zioen hitzez hitz: «Atxiloketa militarren sistemarekin kontaktua izan duten haurren tratu txarrak oso hedatuak, sistematikoak eta instituzionalizatuak dira, prozesu guztian zehar, atxiloketa unetik haurraren epaiketa eta zigorraren unera arte».

Ebidentziak ebidentzia, haurren aurkako politika horri amaiera emateko hamarkada honetan egin diren deialdi guztiak gorabehera -NBEko giza eskubideetako adituenak, gizarte zibilarenak, israeldar eta palestinar gobernuz kanpoko erakundeenak, edo Save The Children berarenak- hutsaren hurrengoak biltzen dituen zakura joan dira.

Egoerak, gainera, okerrera egin du. Aurrerapausorik eza ikusita, Save the Childrenek Israelgo atxiloketa-sistemak haur palestinarrengan duen inpaktua aztertzen duen ikerketa gaurkotu du. Argitaratu duen txostenak, azken hiru urteetan atxiloturiko 12 eta 17 urte arteko haurren esperientziak eta ahotsak biltzen ditu, horietatik %97 mutilak izanik. Eta ikerketaren aurkikuntzak oso kezkagarriak dira, haurren tratu txarrekin amaitzeko berehalako ekintzak eskatzen dituena.

LURRALDE BERA, BI LEGE ESPARRU

Aurkikuntzak azkar zerrendatzeak oilo-larrua eragiten du: haur atxilotuen %42k zauriak pairatu zituzten, besteak beste, tiroenak eta hezur hautsiak. %65 gauerdi eta egusentiaren artean atxilotu zituzten; %86 egurtu egin zituzten, makilakadaka edo kulata-kolpeekin. Haur batzuek tratu txar sexualen berri eman dute, %69k barrabiletan kolpeak edo ukituak jasan zituzten eta hamarretik zazpi galdeketetan erabat biluzi zituzten. Haurren %92k aipatu zuten begiak estali zizkietala, eta %73k, atxiloketaren ondoren lo egiteko arazoak, larrimina eta desoreka emozionala izan dituztela.

Argazkia nahiko zehatza da: haur atxilotuengan eta beren familiengan berehalako eta arnasa luzeko ondorio larriak dituzten giza eskubideen urraketak etengabekoak dira. Ezinbestekoa da haurren aurkako abusu hauek amaitzea. Ildo horretan, Save the Children erakundeak haurren atxiloketa eta epaiketa militarren gaineko berehalako moratoria eskatu du, haur palestinarren babesgabetasuna betikotzen duen krisi honen aurrean ezin delako ez ikusiarena egin. Haur guztiak errespetuz eta duintasunez tratatu behar direlako beti eta edozein zirkustantziatan. Haur palestinarren belaunaldiei atxiloketa militarren izu eta traumarik gabeko bizitzak bizitzea bermatu behar zaielako.

Txostenean haur israeldarren atxiloketa sistemaren erreferentzia ere badator, eta aldea ikusgarria da oso, mingarria benetan. Ez da haur israeldar bakar bat ere egon epaitegi militar batekin inoiz inolako kontakturik izan duenik. Bat bera ere ez, zero. Israelgo haurrak, baita Zisjordanian ilegalki errotu diren kolonoenak ere, legedi zibilaren esparruan tratatuak dira. Beraz, lurralde berean bi lege marko darabiltza Israelek, eta, bistan da haurren eskubideen babesak eta bidezko prozesua ez direla berdin ezartzen israeldar edo palestinar haurra bazara. Nahiz eta teorian, bere jurisdikziopean, haur guztien eskubide guztiak bermatzeko ardura duen.

GALDEKETEN INFERNUA

14 urte zituela atxilotutako Hisham-en lekukotza irakur daiteke, beste askoren artean: «Galdeketaren ondoren, beste pertsona bat nintzen. Burdinazko aulki batera lotu ninduten, eskuak bizkarrean nituela. Makilakadek ez zuten etenik. Begiak estalita nituen, ez nekien eguna ala gaua zen. Ez nuen ez janik, ez urik, ezta lo egiteko aukerarik ere. Egin ez nituenak aitorrarazten saiatu ziren».

Euskal Herrian atxilotuak izan diren milaka gizon-emakumeentzat ez dira arrotzak lekukotza hauek. Tratu txarren bitartez lortutako autoinkulpazioak, isolamendua, mehatxuak familiari, behartutako posturetan orduak eman beharra... zoritxarrez, ezagunak dira gure historia hurbilean. Baina palestinarren kasuan, haurrak dira biktimak.

Bada Save the Children-en txostenean isolamenduan atxiki dituzten haurren %73k aipatzen duten beste kontu deigarri bat. Itaunketen prozesuan hebreeraz idatzitako dokumentuak sinatzera behartzen dituzte, gehiengo handi batek ulertzen ez duen hizkuntzan. Eta gurasoen edo lege-ordezkari baten presentziarik gabe, hirugarren parte batek galdeketa metodoak ikusteko ahalmen eta bermerik gabe, haurrak hizkuntza-hertsadura horren aurrean oso zaurgarriak dira.

TRATU TXARRAK NORMALTASUN

Hamahiru urte zituela atxilotu zuten Khalil-en lekukotzaren berri ere ematen digu: «Galdeketan zehar, soldaduak zera esan zidan, 'zu eta zure lagunak, zuetariko bat, hiltzera noa'. Eskuekin kolpekatzen ninduten, erriflearekin, alde guztietan, bereziki barrabiletan». Eta erraza da ohartzea atxilotzen dituztenetik galdekatu, dispertsatu eta kartzelatu bitartean, haur palestinarrek mota askotako abusu fisiko, psikiko eta emozionalak pairatzen dituztela. Makilakatu egiten dituzte, biluztu, begiak estali, beste atxilotu batzuk nola makilakatzen dituzten ikustera behartzen dituzte, beren familiartekoak atxilotuko dituztela mehatxu egiten diete eta, sarri, lo egin ezinda, erabateko isolamenduan atxikitzen dituzte.

Eta berdin dio Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak zer dioen torturaz edo haurren inguruan. Berdin dio haurrek torturatik libre izan behar dutela, tratu txar krudel eta gizagabetik babestu behar direla, nazioarteko legean idatzia egotea, eta Israel, sinatzailea den heinean, behartuta egon beharko litzatekeela tratu txarren bitartez haurren autoinkulpazioak ez lortzera. Zoritxarrez, berdin dio. Haur palestinarrak torturatzen dituzte; ehunka kasu daude urtero, ederki dokumentatuak, baina ez da ezer gertatzen, dena normala dela dirudi.

Hala, Save the Childrenek, agian egiten duena baino gehiago egiteko aukerarik ez duelako, presazko mezua munduratzen du, beste behin: ahalmena eta mandatua dutenek, nazioarteko estandarrei jarraituz, ikerketa bat abia dezatela. Berandutu gabe, atzotik.

ASKATU OSTEKO BIZITZAZ

Espetxean egon diren haurrek, askatzean, kontrol militarpean segitzen dute, okupaziopean. Amaierarik ez duen egoera da. Ez dute, ezin dute, benetako askatasuna bizi. Eta, horrek, dudarik gabe, haurren larrimin eta emozioetan eragina dauka. Txostenak alderaketa bat egiten du, 2020. urtean eta 2023an min emozionalek izan duten bilakaeraren inguruan. Eta igoera begi bistakoa da.

Duela hiru urte, espetxeetatik irtendako haurren %43k zituzten lo egiteko zailtasunak edo insomioa; aurten, %73ra iristen dira. Berdin amesgaiztoekin; 2020an haurren %39k sufritzen zituen; hiru urte geroago %53ra igo da kopurua. Haserre sentitzea %62 arte igo da 2020ko %53tik. Eta berdintsua da joera osasun fisikoari dagokionez, atxiloketa militarren inpaktua asko handitu baita. Neke sentsazio, bertigo eta buruko minen, arnasteko zailtasunen edo apetituaren galeraren adierazle guztiek goranzko joera erakusten dute.

Hein berean, etorkizunaren inguruko esperantzak eta etorkizunarekiko kezkak harrigarriki jaitsi dira. Etorkizunean baino, berriz atxilotua izateko aukeran pentsatzen dute %59k, edo atxiloketan bizi izandako esperientzien inguruan. Atxilotu aurretik, haur askok ikasteko gogoa zeukaten eta atxiloketaren ondoren gehienek ikasketak uzten dituzte.

EKINTZARAKO DEIA

Save the Childrenen txostenak, berez, ez du ezustekorik eskaintzen. Jakina zen haur palestinarren babesaren inguruko krisia azken hamarkadetan oso kezkagarria zen joera hartzen ari zela. Txostenak, hortaz, okerrena baieztatu baino ez du egin: haurren eskubideen urraketa oso larriak eta irismen luzeko ondorio latzak dituztenak gertatzen direla atxilotutako haur palestinarrekin. Ildo horretan, eskakizun argia munduratu du erakundeak: funtsezko aldaketa erradikalak egin ezean, ez litzatekeela haur palestinar bat bera ere abusuzko atxiloketa sistemarekin kontaktuan izan beharko.

Hartara, Israel soka motzean lotzeko eskaera egiten du. Nazioarteko legediaren estandarretara egokitzea, NBEko kideei atxilotuekiko kontaktu zuzena eta irekia bermatzea. Eta hori egin artean, haurrak epaitegi militarretan epaitzea debekatzea proposatzen du, beren eskubideen nazioarteko kartak errespetaraztea. Hori guztia eginda eta okupazioaren amaiera gertatzean, orduan bakarrik, bizi ahalko direlako atxiloketa militarren beldurretik eta traumatik libre.