Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Espero dudan pertsona bakarra

Katigatuta nago Leihotikan talde nafarraren kanta batean, nahiz eta ez den hori gehien gustatzen zaidan musika estiloa. Abestia 2012koa da, baina orain dela gutxi ezagutu dut. Zinez ederra iruditzen zait. Lehenengoz entzun nuenean, pentsatu nuen harreman erromantiko batean oinarrituta zeudela hitzak eta kantariak itxaroten duen pertsona hura bere bikotekidea zela. Baina ez. Honatx kontakizunaren haria, laburtuta: etsiak hartuta, batek erabaki du harreman menderatzailetik askatzea eta bera -eta bera baizik ez- izatea itxaroten edo bilatzen duen laguna. Eta ez beste inor! «Ni neu naiz espero dudan pertsona bakarra» errepikatzen du leloak, behin eta berriz. Melodia zoragarriaz harago, bizi garen garaiotako giza harremanen metafora ezin hobea deritzot kantari, bere buruaren jabe den gizakia baita gure ideala, inolako loturarik gabea eta menpekotasun guztietatik libre. Emakumeok ideal hori eraikitzeko lanean dihardugu oraindik, mendeetan zehar gizonezkoentzat baliagarria izan dena ez zaigulako aplikatu guri. Dagoeneko, bakardadea ez da estigma bat eta autonomia indibiduala lortu beharreko helburu nagusia dugu, nonbait. Horregatik hazten ari da dibortzio edo banaketa kopurua, esate baterako. Ezerk ez gaitu lotzen betiko; maitasunak ere ez.

Askatasunaren gorazarreak badu bere ifrentzua, ordea. Emile Durkheim soziologoak zioen plazera dela «gu» esatea «ni» esan ordez, «gu» esaten duenak barne indar bat sentitzen duelako bestela lortu ezin lezakeena. Hartara, gizarte-lotura zama lez soilik atzematen duen gizakia ez dago konpromisorako prest, nolabaiteko sakrifizioa baitakar zerbaiten bila ibiltzeak taldekideekin batera; izan lagunak, familia, erakunde politikoa, auzoa edo aberria. Giza autonomia gauza guztien gainetik jartzen bada, gureak egin du. Eta «gureak» sakrifizioa eta plazera, bi-biak, dakartza. Askatasun indibiduala etengabe eraikitzen saiatzen garen modu berean, taldea ere egunero bihurtzen da errealitate gure jardunaren bidez. Hari esker gara gizaki.