Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren diskurtsoak

Musikarekin kaleratu nahi diren diskurtsoak letretan daude. Musika egiten ari denean edo agertokian jotzen ari denean, kantari edo musikariak prest du abestia amaitu ondorengo diskurtsoa. Gehienetan letrak dioen zati bat aukeratuko du, lelo azpimarragarriena erabiliko du usuen, eta pentsatuko du hitzaurre egokiena eskaini diola entzuleari. Letraren zatia ospetsua bada, badaki txaloak jasoko dituena. Diskurtsorik errazena da, errepikatzea kantuan laster batean bipil, oldarkor eta kementsu abestuko duena lepoko zainak puztuta dituela. Kantariak katarsi estetikoa bilatuko du letraren esanahiarekin lotura eginez.

Musika eta diskurtsoa. Esaldi labur eta indartsuek asebeteko dute ikuslearen burmuina. Diskurtso filosofikoekin ez du erakarriko jendetza. Garagardotuta dagoenean gauza arinetan jartzen du arreta. Kantariak kalkulatu behar du noiz eta nola bota diskurtsorik eramangarriena. Pentsamendurako tarterik ez dago. Errutinatik ateratako uneak nahasmendura eraman dezake kantaria, letra ahaztera eta ahalketzera. Kantariek ausardia behar dute herabetasunari aurre egiteko, ez euforia hutsala, handizkatzeke. Musikaren diskurtsoak hitzaldietarako utziko nituzke; esaldi likidoak pentsatuko ditu zaleak bozkarioarekin har dezan izarraren jarduna. Ez ditut atsegin kantuen arteko diskurtsoak, kantuetan bai. Jo, soilik jo. Letretako diskurtsoekin aski. Komunikatzaile on gutxi ditugu. Gizarte primitiboetako diskurtsoak gogoan.