GARA
DONOSTIA

Antzuolan eta Irurtzunen ere jaietan ibiliko dira datozen egunetan

Uda aurrera doa eta Antzuolako eta Irurtzuneko jaiak hemen dira. Gipuzkoako herrian alardea izango da nagusi, bihar, mairu berri batekin. Irurtzunen 19ra arte itxaron beharko dute festazaleek.

Atzo hasi ziren Antzuolako jaiak.
Atzo hasi ziren Antzuolako jaiak. (Gotzon ARANBURU)

Antzuolako jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak egitarau zabala antolatu dute lau egunetarako, atzo hasi eta domeka bitartean (uztailak 16). Atzo bertan bota zuten jaien hasierako txupina, eta Antzuolako zapia jarri zieten iazko jaietatik aurtengoak bitarte jaiotako umeei, baita herriko bi nagusienei ere.

Haur, gazte zein helduentzako jarduerak izango dituzte asteburuan, baina, zalantzarik gabe, bihar (uztailak 15) izango dute egun handia, alardearen eguna izango baita. Ekitaldian bi gertaera historiko goraipatzen dituzte urtero Gipuzkoako herrian; batetik, 920. urtean Nafarroako Muetzen arabiarren aurkako borrokan antzuolarrek Nafarroako erregeari lagundu ziotela, eta, bestetik, Foru aginduei jarraituz, udal miliziek urtero armak aztertzeko egin ohi zuten erakusketa.

Aurten, gainera, Zishan Tariq antzuolarra izango da alardeko mairua, Juan Carlos Gomezen lekukoa hartuta. Jatorri pakistandarra du Tariqek, eta 2006an iritsi zen Antzuolara. Urtero ikusi izan du alardea, eta erabakia hartzea ez zaio batere kostatu, lagun baten proposamena onartuta. Beraz, pozik paseatuko da aurtengo alardean, zaldiaren gainean.

Igandean (uztailak 16) Larrain dantzak ez du hutsik egingo, Oinarin dantza taldearen eskutik, Herriko Plazan. Jaiei bukaera emateko, Hontzaren igoera egingo dute.

Irurtzunen datorren astean ospatuko dituzte jaiak, uztailaren 19tik 23ra. Antzuolan egiten duten bezalaxe, azken urtean jaiotako haurrei zapiak jarriko dizkiete jaien atarian, eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren ipuina banatuko diete. Ondoren, jaiak iragartzeko txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik, eta jarduera mordoa izango dituzte bost egunetan.

Aurten ere ‘Barazki gunea’ delakoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean musika kontzertuak, lehiaketak eta bazkari zein afari herrikoiak. Festa egunetan, gainera, garagardo artisauen dastaketa izango da.

Egitarau ofizialean, bestalde, aipatzekoak dira hurrengo ostiralean (uztailak 21) kalderete lehiaketa eta ondorengo bazkaria. Sukaldariek derrigorrezko osagaiak izango dituzte beren kazuelak egiteko, horien artean untxia edo arkumea, patatak, baratxuria, tipula eta tomatea.

Jaien azken egunean, igandean (uztailak 23), Erraldoi eta Buruhandien Konpartsen elkarketa egingo dute, Irurtzungo Konpartsaren 40. urteurrena dela eta. Horrela, Lakuntza, Lekunberri, Burlata eta Irurtzungo konpartsek bat egingo dute.