Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Nolakoa doa uda?

Uda sasoiari ia erdia jan diogun honetan, bai gutxienez alde meteorologikotik, balantze txiki bat egitea tokatzen da orain arte izan duguna laburbiltzeko. Orain arte bi protagonista nagusi izan direla esango nuke. Batetik, ipar haizea. Ipar haizeak askotan sartu du muturra eta egun askotan izan da agintari, ipar isurian hodei ugari utzi dituela eta hego isurian, aldiz, giro eguzkitsuak. Horri gehitu behar zaio hego haizeak esku hartu duenean, iparrak segituan kendu diola aginte makila, hemen nork agintzen duen garbi utziz.

Bestetik, ekaitzak izan dira protagonista. Nahiz eta azken hamar egunetan zertxobait baretu den giroa (aurreko asteko ostegun, ostiralak kenduta), ekaina oso ekaiztsua izan da, bereziki hego isurialdean, non bertan eurite politak utzi dituen.

Nabarmentzekoa da ekaitz hauek izan duten gogortasuna. Tamaina handiko txingorra eratu dute, haizete handiak eragin eta uholde puntualak ere utzi dituzte, aurreko astean Gasteizen esaterako.

Espero zen bidetik al doa uda? Bai eta ez. Uda oso beroa espero zen, baina momentuz bero izugarririk ez da izan, azken egunak kenduta. Aldiz, bai doa nahiko hezea, bereziki ekaitzek lagundu dutelako.

Momentuz gainera, egun solteak salbu, ez da joera aldaketarik nabari. Iparra nagusi.