Jon ORMAZABAL
ZESTA PUNTA

Barandika-Basque nagusi izan ziren Markinako Uni-aren egun handian

Barandika eta Basque, garaipena ospatzen.
Barandika eta Basque, garaipena ospatzen. (M. RAMIREZ | FOKU)

Katedratikoz beteta, Markinako Uni-an jokatutako partida guztiek izaten dute eskakizun berezi bat. Zer esanik ez, Karmen egunean frontoia mukuru beteta dela. Baldintza berezi horietan, sendoagoak izanda lortu zuten Barandikak eta Basquek bertako Grand Slam-ean gailentzea, final lehiatu eta gogor batean Erkiaga eta Ibarluzea herriko semeari hiru setetan gailenduta (15-11, 9-15, 5-2). Bezperan etxeko Master Series-eko finalerdietarako bidea ondo bideratuta, eta Markina-Xemeingo txapela jantzita, Gernikako aurrelaria sasoi ederrean heldu da lanak pilatzen ari zaizkion udako sasoi honetara.

Lehen seta hotz xamar hasi zen, aukeran huts gehiegirekin, baina hasieratik nabaritu zen gorriak gehiago zirela piloteoan. Pilota motelarekin, Ibarluzea gaztea deseroso aritu zen, eta arerioek ez zuten errukirik izan. Hasieratik ihes egin zuten markagailuan, baina, falta bat tarteko, urdinek markagailua orekatu bazuten ere, konturatzerako, ezer berezirik egiteke, Barandika-Basquek lehen jokoa ixtea lortu zuten 11-15.

Bigarren jokoa oso desberdina izan zen lehen pilotakadatik. Pilota biziagoarekin, Ion Ibarluzea askoz erosoago aritu zen, akats kopurua asko gutxitu zuen eta, azpitik jokatuta, baita piloteoan nagusitu ere. Gauzak horrela, hasieratik hartu zuten markagailuaren kontrola. 1-4 aurreratu ziren, eta Barandika-Basque 7-6 gerturatu baziren ere, ondo kudeatu zuten set hasieratik hartutako alde hori.

SENDOAGO HIRUGARRENEAN

Final gogorra hirugarren jokoan erabaki zen, eta inertziak berriro aldatu ziren zati erabakigarrian. Zestan sakeak ez du beste modalitateetan besteko abantailarik ematen, are gutxiago pasa kopurua agortuta izanda, baina honek ez zituen Barandika-Basque geldiarazi. Falta bat ere egin zuen gernikarrak 1-1ekoan, baina orokorrean askoz bikote sendoagoa osatu zuten azken txanpan, eta merezita irabazi zuten bizkaitarrak eta lapurtarrak (5-2).

Finala amaituta, Markina-Xemeingo Udalak omenaldi polita egin zion urte askoan kantxa mitiko horretan ikuskizun handiak eskainitako Iñaki Osa Goikoetxeari, ez baitu bertan berriz ere jokatuko.