Sebas Etxaniz hil da; 79 urte bete arte preso mantendu duten elgoibartarra
Sebas Etxaniz preso ohia atzo zendu zen, 80 urterekin. Elgoibartarrak 79 urte beteta zituenean lortu zuen baldintzapeko askatasuna, joan den apirilean. Venezuelatik espainiaratu zuten 2002an, eta hogei urtez izan zuten kartzelan. Espetxealdiko azken urteetan epaileen zentzugabeko erabakien kontrako borrokaren sinbolo bilakatu zen Etxaniz.
Sebas Etxaniz (Elgoibar, 1943) preso ohia atzo hil zen, 80 urterekin. Hogei urte eta erdi espetxean eman ondoren, 79 urte zituela, baldintzapean aske utzi zuten elgoibartarra joan den apirilean. Lau bat hilabetez egon zen askatasunean, hogei urte eta erdi ziegan igaro eta gero. Heriotza honen aurrean, Etxerat elkarteak bere «tristura» adierazi zuen sare sozialetan, eta elgoibartarraren senide eta gertukoei «doluminik sentikorrena» helarazi zien; berdin egin zuen Sarek ere. Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak ere agertu zuen bere mina sarean: «Bizitza gogorra dela esatea ez da aski batzuetan... Sebas, hegan egin ezak merezitako askatasunera!»
Venezuelan zen Sebas Etxaniz, harik eta Gobernu venezuelarrak Bittor Galarzarekin batera kanporatu, eta urte hartako abenduaren 16an Estatu espainiarrera estraditatu zuen arte. Estatu espainiarraren injerentziak eta presioak eragina izan zuen Karibeko herrialdean. Orduan, Etxanizek eta Galarzak Venezuelako Estatuaren aurkako demanda jarri zuten, «legez kanpoko deportazioagatik», eta Giza Eskubideen Amerikako Batzordeak arrazoia eman zien. Hasiera batean, prentsa espainiarrak zabaldu zuen Caracasek 325.000 eurorekin indemnizatu behar zituela kanporatutako euskal herritarrak, baina Venezuelak ukatu egin zuen informazio hori.
ZENTZUGABEKERIAREN KONTRA BORROKAN
Euskal herritarrek sarri salatu dute elgoibartarraren egoera; izan ere, espetxean emandako azken urteetan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kiderik zaharrena zen Etxaniz. Bigarren graduan egonda ere, ez zizkioten tarteka kaleratzeko baimenak onartzen, eta gradu progresioetarako jarritako oztopoen adierazle zuzena izan zen Etxanizen kasua, denbora asko eman baitzuen hirugarren gradura pasatzeko borrokan. Horrela, epaileen zentzugabekeriak etengabeko borroka judizial batera eraman zuen: behin baino gehiagotan ukatu zitzaion hirugarren gradua, aurrez tarteka ateratzeko baimenik izan ez zuelako. Eta baimenak, aldiz, hirugarren graduan ez zegoelako ukatzen zizkioten.
2019tik, gainera, beteak zituen zigorraren hiru laurdenak. Urte horretan, hirugarren gradura igarotzeko eskaera egin zuen beste behin Etxanizek, baina hau ere atzera bota zuten epaileek; lehenik, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Salak, eta, gero, Espetxeak Zaintzeko Epaitegi Zentralak.
«Presoak dituen egokitze-faktoreak» onartu zituen orduan Espetxe-zaintzako epaile zentralak, Jose Luis Castrok, baina baieztatu zuen atzera ere delitu egiteko arrisku «oso handia» zuela (ETA jada existitu ez arren), eta «egokitzapen hori egiazta dezakeen baimenik» ez zuela. Surrealista izan zen ebazpena; izan ere, epaile berberak ohiko baimenak izateko aukera ukatu zion 40 egun lehenago. Gainera, Castrok berak 1995eko Zigor Kodea urratu zuen erabaki horrekin: 70 urtetik gorako presoek hirugarren graduan egon behar dute, «haien arriskugarritasun eskasagatik». Are, Zigor Kodearen arabera, Etxanizek baldintzapeko askatasuna jasotzeko aukera izan zezakeen. Kodearen 91. artikuluak eskubide hori aitortzen die 70 urte dituzten presoei, baita kondenaren hiru laurdenak bete ez badituzte ere.
Espetxe Zaintzako Epaitegiko Zentralaren erabaki horiek agerian utzi zuten Sebas Etxaniz eta beste presoen kontra nola tematu ziren epaileak, legeak berak zioena ez betetzeraino. ETAren desagertzea ez zuten nahikotzat jo erakunde bateko kide izateari uzteko. Azkenean, 2020ko uztailean, Espetxe Zuzendaritzak legea aplikatu eta hirugarren gradua aitortu zion.