Carlos GORRINDO
GAURKOA

Guggenheim museoa Urdaibain

Urdaibain Guggenheim museoa bai, Urdaibain Guggenheim museoa ez. Ez da erraza izaten egoera honen aurrean bi iritzi desberdin eta kontrajarri egon eta bataren edo bestearen alde egitea, auziaren gaineko informazioa lauso samarra denean, hasiera-hasieratik. Polarizazio horrek irizpide muturrekoak sortzen ditu, aldekoak eta kontrakoak, eta irizpide anabasaren erdian, balorazioak neurtuak eta zuhurrak baino ezin dira izan, nire ustez.

Badira diotenak «bai ala bai» museoari, susperraldi ekonomikoa ekarriko duelakoan. Eskualdean, enplegua ez aurrera ez atzera dabil, industriak pisua galdu du, langabezia tasa %13koa da, hots, Euskal Herriko tasarik handienetakoa. Industriaren gainbehera nabarmena da, eraikuntzak ere beheranzko joera du, arrantza sektorea desagertzear dago. Nekazaritza eta abeltzaintzaren joera ere beheranzkoa da.

Ondorioz, oso kontuan hartzekoa da milaka pertsona eskualdetik kanpora atera behar izatea lan egitera.

Euskal Autonomia Erkidekoan diren eskualde orotatik diru inbertsio txikiena jasotzen du Urdaibaikoak, honek dakarren ahuldade ekonomikoa agerian uzten duela. Eta proiektu honek, antza, eskualdeko ekonomia suspertuko du.

Museoaren alde erakunde nagusiak agertzen dira, alde batetik: Espainiako Gobernua, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Alegia, zergen bidez gure sosak kudeatzen dituzten hiru erakunde erraldoiak. Eta, beste aldetik, museo amerikarraren aurka direnak herri mugimendu edo plataformak ditugu. Biak nor baino nor ari dira argudio sorta kaleratzen. Erakundeen aldetik, egia esatera, kukuka dihardutela dirudi areago, ez baitute informazio osoa eta benetakoa plazaratzen, ez dute informazioa herritarrekin partekatzen eta zunda-globoak jaurtitzen dituzte hedabideetan, benetan egin nahi dena ezkutuan gorde nahiko balute bezala. Eta horrek susmo txarrak baino ez ditu eragiten. Esaterako, “El Correo”-n agertutako informazio baten arabera, Muruetan eta Gernika-Lumon bi jatetxe eta auditorium bat eraikitzeko asmoa agertu dute proiektuaren sustatzaileek. Alegia, proiektuaren helburu kulturalarekin zerikusi gutxi duen xedea litzateke aurre asmo hori. Baina informazioa zabaltzen ari den heinean, eta zehaztapenak agerian jartzen, bi eraikin jasotzeko asmoa omen dute Robertson arkitektura estudioak egitasmoaren zirriborroan aurkeztu duenaren arabera. Gernika-Lumoko Dalia lantegi ohiko orubean eraikiko da bata (lurzoru eta lurpe kutsatuak deskontaminatu ostean), eta Muruetako ontziolan bestea. Gernika-Lumokoa izango da museoaren lehen eraikina. Erakusketa areto bat izango omen du, eta, horrekin batera, baita bulegoak, biltegiak, hitzaldietarako areto bat eta jatetxe bat ere, besteak beste. Aparkaleku bat ere egingo omen dute eraikinaren ondoan. Muruetako ontziola, berriz, erakusketetarako lekua izango omen da nagusiki. Erakusketez gainera, baina, heziketa programak bultzatzeko lekuak, artistek lan egiteko tokiren bat eta artelanen kontserbaziorako tailerrak ere kokatuko omen dituzte bertan, beste kontu batzuen artean; baita jatetxe bat eta denda bat ere.

Bi eraikinak lotzeko, bide berde bat egingo omen dute. 6,5 kilometroko tartea dago bi horien artean, eta haren bueltan artelanak jartzeko aukera legokeela aurreratzen du planak. Zirriborroaren arabera, bi modu egongo dira museoak bisitatzeko: oinez, edo jasangarria den garraiobideren batean -trena, autobusa eta bizikleta-. Proiektuak zazpiehun bat lanpostu sortuko omen lituzkeela aurreikusten du.

«Guggenheimi bai» diotenen arabera, ingurunea errespetatuko omen duen proiektua da: iraunkortasuna eta inguruarekiko zein ingurumenarekiko errespetuan oinarrituko omen dena.

«Guggenheimi ez» aldarrikatzen dutenen arabera, ostera, Euskal Autonomia Erkidegoko biosferaren erreserba bakarra da gune hori, baita euskal itsasbazterreko espazio babesturik baliotsuenetako bat ere. Eta, gainera, eraikitzeko aukeratutako gunea bioaniztasuna babestea helburu duen Europako Natura 2000 sarearen barruan dago eta, jakina, eremu hau fauna espezien habitata da: dortokak ur hegazti eta hegazti migratzaileak... Aldarrikatzen dute, halaber, proiektuak sortuko dituen kalteak itzulezinak izango direla...

Ukaezina da, bestalde, honelako egitasmo batek ekarriko duen turistifikazio masiboa eta berez babestu beharreko lur-eremuari kalte egingo diola, turismoa kontrolatu eta arautu ezean, jakina. Kalte linguistikoa ere badakarrela diote, gainbeheran dagoen gure hizkuntzaren erabilera minimizatu egingo duelakoan Urdaibaira letorkeen turista kopuruak. Bestalde, Dalia gernika-lumotarrentzat iraganaren gordeleku delako argudioaren harira, Gernika-Lumoko identitatearen erakusle omen da eraikin hau. Eta hau ezabatzeak herriaren historiaren zati bat pikutara botatzea suposatuko lukeela. Herriak badituela premia handiagoak aldarrikatzen dute, gainera; behar bezalako kultur etxe eta liburutegi duinak alegia, bertoko eta gurea den kulturarekin zerikusia duten eraikinak, eta Daliako orubea eremu hobeezina dela helburu hori betetzeko.

Argi dagoen gauza nabarmenetakoa da biek ala biek nahi dutela Urdaibain zerbait egin, zerbait eraiki eta sustatu, baina muturrekoak dira bataren eta bestearen asmoak.

Lehia edo borroka honetan bi aldeetako argudio-sorta indartsuena erakundeek dutela uste dut. Egitasmoa zentzuzkoa begitatzen zait. Ez dakit nik haien interesak herritarrenarekin bat egingo ote duen. Herritarrek zer nahi duten ere ez dago jakiterik, hauen irizpidea zein den jakiteko aukerarik ere emango ez zaielako. Politikari eta erakundeen goiasmoa beti izan da historian gogoratuak izatea burututako proiektu erraldoiak direla eta. Espero dezagun Urdaibai eskualderako proiektatutako helburua denon onerako izatea, eta ez, gutxi batzuen praktika diruz hornitzeko helburuarekin egitea.