Ion GARATE
Elkarrizketa
ENEKO POU
Eskalatzailea

«Himalaian ireki dugun biderik handiena da ‘Waa Shakil’»

Eneko Pouk (Gasteiz, 1974) argi dauka mendizaletasunaren «pasioari eutsi» egin behar zaiola, bai eta lan bilakatzen denean ere, «bestela mendia gogorregia da». Anaiarekin eta Fay Mannersekin batera «Waa Shakil» bidea ireki berri du Himalaian -baita beste bost bide ere-, eta, hortaz, «Lau elementuak» proiektuari itxiera eman diote.

(@HERMANOSPOU)

Himalaian izan dira Pou anaiak, 2017an hasi zuten “Lau elementuak” proiektua bukatzeko asmoz, baita egin ere. Proiektuaren barruko “Waa Shakil” bidea irekitzeaz gain, beste bost ireki dituzte. «Balantze positiboa» egin du Eneko Pouk NAIZ Irratian.

2017an sortu zenuten “Lau elementuak” proiektua itxi nahian abiatu zineten Himalaiara. Nola sentitzen zarete urte dezenteren ostean helburua lortuta?

Oso pozik. Proiektu oso polita baina latza izan da, azken urteotan arazo handiak izan ditugulako proiektua bukatzeko. 2017an hasi genuen, Patagonian egin genuen Airea, urte berean Ura eta 2018an Sua, Afrikan. Geroztik ezin izan dugu proiektua bukatu. Pandemia izan dela-eta, gero guda, hainbeste arazo, eta azkenean Himalaian bukatzea eta horrelako proiektu handi batekin, oso pozik egotekoa da.

Zein izan da lau elementuetatik zailena edo gogorrena?

Denetarik egon da. Sao Tome eta Principe irlan (Afrika) irekitakoa, arroka mailan, oso proiektu bitxia eta ona izan zen. 8b+ mailako bidea, paretan maila oso altua eta 400 metro. Oihanean geunden, bageneukan kobra beltzaren arazoa... Oso proiektu polita izan zen eta teknikoki zaila. Harroka maila honekin geratuko nintzateke. Amazoniakoa oso estetikoa izan zen. Eta alpinismoaren kasuan, Patagoniakoa oso bide polita izan zen, 510 metro, Fitz Roy mendikatean, eta gero azken hau, Himalaian ireki dugun biderik handiena da “Waa Shakil”: 2.200 metro, arrokako eskalada asko, mistoko eskalada asko... Oso bide ona izan da.

“Waa Shakil” izan da bertan egin duzuen jarduerarik handiena. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso esperientzia gogorra izan da, eguraldi ez oso txarreko hiru egunen esperoan egon ginelako eta azkenean hiru egunez elurretan egon ginelako. Azkenengo egunean gailurrera iritsi ginen oso justu, eskas, elur jausiak leku guztietan... Igoera oso gogorra izan zen. Eta jaitsiera horrelako baldintzetan egitea zaila da. Behatz guztiak nahiko izoztuta ditut oraindik. Arazoekin katu-oinak janzteko, bizikletakoak ere bai... Pixka bat justu jaitsi ginen; arriskua hartu genuen gainera, bagenekien elur jausi arrisku handia zegoela baina beste gau bat geldituz gero, are arriskutsuagoa zen. Ahal izan genuen bezala atera ginen.

Igoera oso estilo alpinoan eta eskalada librean egin zenuten. Horrela ulertzen duzue zuek mendia.

Mendia modu askotara uler daiteke, baina modu autentikoa hau dela uste dut. Mendian autonomian igo behar zara. Zure gaitasun teknikoak eta esperientzia nahikoak ez badira, ba hobe da beste mendi batzuk begiratzea.

Zer nabarmenduko zenuke espedizioan irekitako beste bost bideetatik?

Oso interesgarriak izan dira. Bost horietatik lau izan ziren eskalatu gabeko dorreetara. Inor iritsi ez den lekura iristeak abentura handia suposatzen du. Horien artean geldituko nintzateke “Always elurra” bidearekin, 5.100 metrotako dorrea, ia 300 metroko granitozko eskalada zoragarria.

Fay Manners alpinista britainiarra izan duzue espedizio lagun.

Oso alpinista indartsua da. Orain dela urte batzuk oso gutxitan elkartzen ginen horrelako goi-mailako neskekin mendian. Gaur egun gero eta gehiago dira eta poztekoa da, ikusten duzulako emakumeak hartzen ari direla zor diegun espazioa mendian eta horrelako goi-mailako aktibitateetan. Bere maila ikustea zoragarria izan da.

Zein izan da ikasgairik garrantzitsuena?

Lehen aipatutako pazientzia. Nahiz eta esperientzia izan, aktibitatea gustatzen zaigunoi oso zaila egiten zaigu itxaroten egotea. Urteak pasa ahala gero eta liburu gehiago eramaten ditugu kanpalekuetara, asko idatzi dugu. Gure bigarren liburuarekin ari gara, “Lau elementuak” deituko dena, Sua argitaletxearekin.

Baduzue horrelako makroproiekturik buruan?

Ikusiko dugu. Zaila da horrelako proiektuak hasi eta bukatzea. Gustatuko litzaiguke hausnarketa bat egitea, proiektu txikiagoekin jarraitu agian eta iristen bada beste une bat makroproiektu batekin amesten duguna, ba aurrera aterako dugu ziur.