Hego Euskal Herriko 150 jatorrizko pieza Bizkaiko Arkeologia Museoan
“Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak” erakusketak ateak ireki ditu Bizkaiko Arkeologia Museoan. Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako trikuharrietan, zistetan, menhirretan, harrespiletan eta tumuluetan egindako ikerketa arkeologikoetan aurkitutako 150 jatorrizko pieza bildu dira. Datorren otsailaren 4ra arte bisita daiteke erakusketa Bilbon.
Denboraren eta historiaren bidez aparteko bidaia egiteko gonbita da “Megalitoak” erakusketa. Hala adierazi zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak. «Megalitoak inguruko herrien erreferenteak izan ziren bezala, museo hau Bizkaiko arkeologiaren erreferentea ere bada; izan ere, Bizkaiko ondare arkeologikoa zaindu eta gordetzen du. Arkeologia Museoa gure arkeologiaren historiarentzako ezinbesteko babeslekua da, non iraganeko ezagutza gorde, ikertu eta hedatu egiten baita eta nortasun kulturala babestu egiten baita, etorkizuneko belaunaldientzat. Megalitoak antzinatasunaren lekuko isilak diren bezala, museoak Bizkaiko memoria historikoaren zaindari gisa jarduten du».
Bertan ziren Iñaki Garcia Camino museoko zuzendaria eta Juan Carlos Lopez Quintana Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzailea, Josean Mujika EHUko historiaurreko irakasle eta Jose Miguel Barandiaran katedraren zuzendaria, eta Javier Fernandez Eraso katedraduna, hirurak ere erakusketaren komisarioak.
Hainbat museok, zentrok eta erakundek utzitako piezak jarri dira ikusgai. Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira, eta mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketen isla dira, zehazki euskal mendietan. Emakume eta gizon taldeek natura etxekotzen ikasi zuten, eta lehenengo aldiz paisaia eraldatu zuten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez. Aire zabaleko egonlekuak, laborantzarako eremuak, abeltzaintza zonak, basoak, eta nagusiki, inguru naturalean ezarri zituzten monumentu megalitikoak.
Erakusketan V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaieraren arteko aldia jorratzen da, garai horretan eraiki baitzituzten megalitoak. Aldi berean, erakusketak trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakusten ditu, horien neurriak azaltzen ditu eta zertarako eraiki ziren erakusten du: lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziren, eta espazioaren okupazioaren erreferenteak dira.
MATERIALA
Erakusketako zenbait pieza aipatzekoak dira; besteak beste, tipologia askotako sei hilarri, trikuharri batzuen ganberetan aurkituak. Gehienak lauza sinpleak dira, dekoratu gabeak, salbu Guardiako Alto de la Hueserako trikuharria (lerro ebakidunak eta sastakai bat dituena) eta Mundakako Katillotxu V trikuharria (buruaren beste lauza batean Palmela motako punta bat du grabatuta). Material eta tamaina askotako aizkora leunduak ere badira. Horien artean, nabarmentzekoa da Diman aurkitu zen eta jatorri alpetarra duen bat. Bestelako apaingarriak ere ikusiko ditugu; besteak beste, hezurrez, marfilez, koralez, haitz kristalez edo lignitoz egindakoak, eta Larrarte, Trikuaizti, Alto de la Huesera, Katillotxu, Errekatxuetako Atxa eta Obioneta trikuharrietakoak direnak eta urrutitik iritsi zirenak. «Horrek esan nahi du trukeak egiten zituztela eta komunikazio bideak ezarrita zituztela urrutiko lurraldeekin», esan dute.
Zorroztari eta Alto de la Huesera trikuharrietako urrezko pieza txiki batzuk ere ikus daitezke; silex eta metalezko armak -besteak beste, Areatzako mihi sastakaia, Iruzubietako eta Santamañazarreko aizkorak, edo Iruñeko, Zuñigako edo Los Husoseko Palmela puntak, Katillotxuko trikuharrian grabatu zituztenen antzekoak-; eta zeramikazko ontziak, hala nola kanpai-formako edalontzia edo Sotilloko katilua, oso apainduak, eta duela 4.000 urte baino gehiagoko gerra elkartearen arma bildumaren parte zirenak.