Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren esperantzak

Ezagutzen ditugun musikaren euskarri fisikoek ez dute itxaropen handirik. Erabiltzaileek ez dute esperantzarik; erabiltzen ez dituenak CD, kasete, USB edo biniloak garbi du ez duela itxaropenik. Zer esperantza izango du kultur industriak? Hutsaren hurrengoa. Eta autoedizioaren bidea hartu duenak? Kale egingo ez duen euskarri fisiko bakarra kontzertua da. Adimen artifizialak ezin izango du agertokian gertatzen denaren ordezkoa bilatu, grabatutako irudiak salbu.

Zein esperantza eman diote esperantzari kantuetako letretan? Garirentzat “esperantzara kondenatuak” gaude. Esperantza hartuko du bizitzako atal guztien azken geltokia, salbazioaren atea. Oskarbi taldeak abestu zuen Bitoriano Gandiagaren “Esperantzari leiho bat”. Badira musikariak esperantzaren leiho horri itxaropen arrasto eta burrunbarik txikiena sumatu gabekoak. Esperantza oro zigor bilakatzen zaienez, erremedio bakarra gaitzestean datza. Trepi eta Arawak taldearentzat zulo beltza baino ez da. Odei Barrosok letrak idatzi zizkion “Begiz Begiri”, eta pasarte batean esperantza errautsa dela dio. Biok motz genuen esperantza (EH Sukarra Asier Serranoren letrarekin). Sarri, sarraskia da esperantza. Aukerarik gabeko esperantzaz inguraturik, baina aukera berrietara zabalik. 2023ko Bilbao BBK Live festibalera joateko autobusa hartzeko kartelak zera zioen euskaldunen minerako: itxaropen gabe igo. Last Tour-en enegarren ostikoa euskarari (itxaronaldirik gabe igo). Punkak esan zuen: etorkizunik ez, horrelakoekin.