Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

Sarina Wiegman: iazko Eurokopaz geroztik, modako entrenatzailea

Herbehereetako selekzioarekin 2017an, eta, iaz, Ingalaterrakoarekin, arrastoa utzi du Sarina Wiegmanek (Haga, Herbehereak, 1969), biekin Eurokopa irabazita. Bere itxura serioaren atzean, jokalariei mezuak helarazten entrenatzaile trebea da. Orain, Londresko selekzioarekin, Munduko Koparen bila doa.

Sarina Wiegman Ingalaterrako selekzioko hautatzailea Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Kopako lehen partidan, Haitiren aurkakoan.
Sarina Wiegman Ingalaterrako selekzioko hautatzailea Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Kopako lehen partidan, Haitiren aurkakoan. (Nigel KEENE | FOKU)

Ile bildua, betaurreko klasikoak eta jaka dira bere itxuraren hiru ikur. Irudi horren atzean ezkutatzen da Sarina Wiegman Ingalaterrako hautatzailea, azken urteotako entrenatzailerik onena -FIFAk hiru aldiz eman dio entrenatzaile onenaren saria: 2022an, 2020an eta 2017an. Eta bigarren (2018) eta hirugarren (2019) ere geratu zen-. Aurpegi serioa du, adierazkortasunik gabekoa. Baina hori kanpotik helarazten duena da. Barrutik, ordea, bere ideiak jokalariei zuzenki helarazten maisua da. Eta hori da bere arrakastaren gakoetako bat. Bere jokalariei askatasuna ematen die futbolean erabakiak hartzeko, betiere oinarri batzuen baitan. Herbehereetako entrenatzaileak esan ohi du «akatsak egitea ezinbestekoa» dela, «ikasten jarraitzeko». «Jokalariei burua eraginarazi behar diezu, pentsa ditzatela hartu dituzten erabakiak. Orduan sortzen da eztabaida, eta segituan ulertzen dute. Zerbait hitzez hitz esaten diezunean baino gehiago ikasten dute horrela».

ESTILO PROPIOA, ETA NORTASUNA

Estilo propioa du, eta ez da itsutzen modu batera jokatzearekin. Partida bakoitzean era batera edo bestera jokatzeko duen malgutasuna da bere zigiluetako bat. Baloi jabetza luzeak edota trantsizio azkarrak. Iaz Ingalaterrarekin Eurokopan jokatu zuen horrela, eta garaikurra altxatu zuen: txapelketa irabazi zuen partida guztietan gailenduta, eta sailkapeneko azken fasean gol errekorra eskuratuta (22). Hori, hamaikako bera zelairatuta neurketa guztietan.

Eurokopa horretan bere arrastoa utzi zuen: Ingalaterrako selekzioak aurreneko aldiz altxatu zuen Eurokopa, eta herrialdean 1966tik ez zuten ospatzen halakorik, gizonezkoen selekzioak Munduko Kopa irabazi zuenetik, alegia. Horrez gain, lehen entrenatzailea bilakatu zen Eurokopa bi herrialderekin irabazten -2019an Herbehereekin egin zuen-, eta lehena ere, bere herrialdea ez den beste selekzio batekin garaikurra irabazten.

Estilo propioa, eta nortasuna ere baduela erakutsi du Wiegmanek. Herbehereetako selekzioarekin, 2017ko Eurokopa historikoan, Wiegmanek Mandy van den Berg kapitaina ez zuen sartu txapelketa horretako 23 jokalarien multzoan. Horrek esanahi bat zuen: irabaztea sentimentalismo ororen gainetik zegoela. Ingalaterran ere horrelako erabaki bat hartu zuen. Steph Houghton selekzioko kapitainari besokoa kendu zion lesionatuta zegoen bitartean, eta, gerora, Eurokopara ez zuen eraman.

Orain, bere lehen Munduko Koparen bila joango da, baita Ingalaterrarena ere. Gertuen 2019an egon zen, Herbehereekin, AEBen aurka 2-0 galdu zuen finalean. Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Kopako lehen neurketan Londresko selekzioak 1-0 irabazi zuen Haitiren aurka markagailu estuarekin. Gaur izango du hurrengo erronka: Danimarkaren aurka ariko da 10.30ean.