GARA
TEL AVIV

Israelgo armadako erreserbisten desobedientzia handitzen ari da

Sistema judiziala motzean lotzeko Netanyahuren planak haserreak eta tentsioak sutu ditu Israelen. Desobedientzia zibileko ekintzak ugaritu dira. Armadako milaka erreserbisten kasuan, beren betebeharrei uko eginda, herrialdearentzat segurtasun arazo bat planteatu da.

Israelgo poliziak, ur-kanoiekin manifestarien aurka.
Israelgo poliziak, ur-kanoiekin manifestarien aurka. (Jack GUEZ | AFP)

Kontu egin behar da kartzelaren beldur diren gogor itxurako liderrekin. Begira, Trump; berriz presidente izan nahi du, bere aurkako epai eta zigor guztiak bertan behera uzteko. Haren estrategia legala bere estrategia politikoa da. Trump bera baino lehenago trumpista zen Benjamin Netanyahu; askotariko epaiketak zain dauzka, presidentetzak ematen duen immunitatea galtzen duenean egin beharko liratekeenak, teorian bederen. Sistema judizial osoa soka motzean lotuko duen lege erreforma lehenago egiten ez badu. Eta egin, egin berri du.

Eskuin muturraren laguntzarekin Knesset Israelgo Parlamentuan onartu berri den sistema judizialaren erreformarako legeak lehendik bero zeudenen sumindurak irakiten jarri ditu. Hilabete luzeetan eutsi zaion protesten dinamika aski izan ez dela baieztatuta, koska bat estuago egin beharko den ustea indartu da, desobedientzia ekintza zahar eta berriak erradikalizatu beharko direla.

ERRESERBISTEN MATXINADA

«Ez dago beste biderik zerbitzatzeari uko egitea baino. Neurri gogorragoak hartu behar dira, Israelek estatu demokratiko bezala biziraun nahi badu», ideia hori da, milaka erreserbistek bere egin dutena, betebehar militarrei uko egingo dieten berri haien komandanteei pasatzen dietena. Netanyahuren aginduak betetzen dituen armadan ez dute zerbitzatu nahi. Israelek izan dituen gerra askotan zaildutakoak izan arren, desobedientziaren bidea hartu dute.

Israelgo Armadaren bozeramaileak krisia baretzen saiatu badira ere, hainbestekoa izango ez zela aurreratuz, oso kezkatuta daudela aditzera eman dute: «Erreserbistak epe luzean zerbitzura aurkezten ez badira, gure prestakuntza militarra asko kaltetuko da». Joan den ostiralean, adibidez, hebreeraz argitaratzen diren zenbait hedabidek Israelgo Inteligentzia buruak Netanyahuri egindako ohartarazpenaren berri eman zuten: «Oinarrizko disuasioa ahultzen du desobedientzia masiboak, eta gure etsaiei aukera historikoa eskaintzen zaie».

Indar berezietako kapitaina izan zen Netanyahu oso haserre mintzatu da: «Armadak gobernuaren aginduak jasotzen ditu, ez alderantziz». Eta erreserbisten matxinadarekin bukatuko duela hitzeman du.