Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Urdaibaik eta Oriok sendotasunez eta amorru biziz irabazi dute Getxon

Bermeotarrek bosgarren bandera eskuratu zuten Getxoko ur zailetan, eta lidergoan sendo jarraituko dute. Hondarribia bigarren izan zen. Bestalde, «mirotzak», irteeran estatxarekin arazoak izan ostean, oso nagusi izan ziren, eta bete-betean lehian daude.

Urdaibaiko arraunlariak, sasoiko bosgarren bandera astintzen.
Urdaibaiko arraunlariak, sasoiko bosgarren bandera astintzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atzo Getxoko estropada konplikatuan ikusitakoaren ondoren, sendotasuna eta amorrua dira Urdaibai eta Oriorentzat jar litezkeen hitzak, haien garaipenak laburbiltzeko. Bermeotarrek lidergoa sendotu zuten, erakustaldia emanda. Mirotzek azken bi asteetan egindako lan bikaina agerian utzi zuten, irteeran estatxarekin arazoa gainditu eta gero, ur zailetan ederki gailentzeko.

Eusko Label Ligari dagokionez, Urdaibaik olatu ona hartu du denboraldi honetan. Estropada eremu konplikatuan inor baino hobeto jardun zuten Gorka Aranberri patroiaren arraunlariek eta bosgarren bandera eskuratu zuten, lidergoa sendotzeko. Sailkapen nagusian bigarren den Hondarribiak galerak txikitu ahal izan zituen, lehenbiziko ziabogan azkena izatetik bigarren izatera igaro baitzen, itzulerako luzean hirugarren kalera joz.

Bigarren ziabogan Urdaibai tartea handitzen joan zen. Gainera, maniobran Donostiarra eraman egin zuten olatuek, nahiz eta bigarren jarri zen bigarren luzean, eta Hondarribiko Manex Aldayk zenbait palada esku batekin eman behar izan zituen.

Nolanahi ere, Hondarribiak ez zuen galerarik izan egoera honengatik eta bigarren amaitu ahal izan zuen, hegan eginik Urdaibairen atzetik. Pentsa zer nolako erritmoan aritu ziren bermeotarrak, helmugan 41 segundo atera baitzizkion bigarren txandako azkarrena izan zen Oriori.

Beste txandei dagokienez, aipatzekoa da bigarrena, Oriok irabazi zuena, gauza ugari gertatu baitziren. Lehen ziabogan Cabok arraun txikia galdu zuen eta bigarren luzean, gainera, bandera zuria eta urdina atera zizkioten epaileek, Lekittarratik oso gertu baitzebilen. Bigarren biraketan Cabok ondo eutsi zion maniobrari, baina Lekittarra trabatuta geratu zen balizarekin, istriborretik pasatu baitzen, eta denbora asko galdu zuen, lehiatik kanpo geratuz. Bizkaitarrak, azkenean, estropadako hamargarrenak izan ziren.

Lehen txandan, Ondarroak estropada konpletoa egin zuen: ondo eutsi zion talde barruko arazoak gainditu dituen Santurtziri eta, azken luzean, ondarroarrak nagusitasunez gailendu ziren.

EUSKOTREN LIGA

Lidergoarengatik lehian jarraituko duela argi eta garbi utzi zuen Oriok. Irteeran Nadeth Agirre patroiak estatxarekin izandako zailtasunei aurre egin eta gero, bizi aritu ziren mirotzak, garaipena lortu eta Arraun Lagunaki puntu bat murriztuz. Oriok hegan egin zuen. Lehenbiziko luzean 8 segundoko galera zuen Arraun Lagunak liderrak, eta oriotarrek ez zuten hutsik egin bandera irabazteko. Lehen txandakoek arazo berdinak izan zituzten estatxekin, eta egoera horretan Miren Garmendia Hondarribiko patroiak bikain gidatu zituen bere arraunlariak aurrenak izateko.