EDITORIALA

Migrazioa, mundu bidegabearen krisi globala

Migrazioaren presioa nabarmena da Iparraldeko herrialde boteretsuen mugetan, baina ez han soilik; gero eta gehiago begien bistakoa da mugen barnean, beren hiri eta herrietan, non migratzaileak zerbitzuak kolapsatzera irits daitezkeen, egun hauetan New Yorken gertatzen ari den bezala. Drama, ordea, kanpoaldean, muga itxietan biltzen da. Migratzaileek gero eta bide arriskutsuagoak erabiltzen dituzte, amestutako Iparraldera iristeko. Horren lekuko dira, adibidez, Panamaren eta Kolonbiaren arteko oihana edo Mediterraneo itsasoa. Okerrena da mugako herrialde horietako gobernuak gero eta erabaki ankerragoak hartzen ari direla; esaterako, Tunisiak migratzaileak basamortuan uzten ditu urik eta janaririk gabe, heriotza segururako abandonatuta.

Zalantzarik gabe, migrazioaren gaia munduko ia herrialde guztiei eragiten die, bai migratzaileen jatorri gisa, bai helmuga gisa, bai igarobide gisa. Krisi globala bilakatu da. Pertsonen joan-etorrietarako oztopoak ugaritzen diren heinean, migrazio ibilbideak gero eta informalagoak eta arriskutsuagoak bihurtzen dira, eta giza kostu izugarri handia dute. Barneratuta egon behar luke errepresioak ez duela emaitzarik ematen, eta are gutxiago egungo migrazio krisiak bezalako arazoek kausa ugari dituztenean. Izan ere, hondamendi naturaletatik, gerratik, pobreziaraino eta bizimodu duina lortzeko perspektiba faltaraino, jendea dena bere herrialdean uztera eta atzerrian etorkizun hobea bilatzera bultzatzen duten arrazoiak asko dira. Nolanahi dela, azken batean, nazioarteko ordena bidegabe bat dago, aberastasuna herrialde gutxi batzuetan pilatzen duena, gizateriaren zati handi bat behartasunera kondenatzen duen bitartean.

Eta nazioarteko ordena ekonomiko bidegabe hori aldatzen ez den arte, migrazioaren gaiak agenda politikoa markatzen segituko du. Horrenbestez, gobernuei exijitzen jarraitu beharko da krudeltasuna eta gizatasunik eza alde batera utz ditzatela migratzaileekiko tratuan. Aldi berean, giza eskubideak eta nazioarteko legeria errespetatzera behartuta daudela gogorarazten jarraitzea premiazkoa da.