GARA
BILBO

San Frantziskotik Arriagarako bidea egingo du «Detective Touré» telesailak

Ekainetik irailera bitartean, Bilbo eta inguruetan filmatzen ari dira Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako “Detective Touré” telesaila. Malcolm Treviño-Sitte protagonistaz gainera, Itziar Ituño, Unax Ugalde eta puntako beste hainbat aktorek parte hartuko du eta orotara sei atal izango ditu. Horietan, Arriaga antzokian edota San Frantzisko auzoan detektibe lanetan ikusiko dugu Burkina Fasotik etorritako gaztea. Lehen irudiak erakutsi dituzte.

Malcolm Treviño-Sitte, Toure detektibearen paperean. Eskuinean, Itziar Ituño eta Unax Ugalde.
Malcolm Treviño-Sitte, Toure detektibearen paperean. Eskuinean, Itziar Ituño eta Unax Ugalde. (David HERRANZ)

Interes handia pizten ari da ekainetik Bilbon eta inguruko gune esanguratsuetan filmatzen ari den ‘‘Detective Touré’’ telesailaren filmazioa. Jon Arretxe idazle basauriarraren eleberri arrakastatsuetan oinarritutako telesailak Malcolm Treviño-Sitte aktorea du protagonista nagusi, berak hezurmamituko baitu Mahamoud Toure Burkina Fasotik etorritako detektibe karismaduna, eta antzezle honen alboan ikusiko ditugu puntako beste hainbat aktore; horien artean, Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Ayoub El Hilali eta Ane Gabarain, filmazioko lehen irudietan ikus daitekeen bezala.

Telesaila David Perez Sañudo (‘‘Ane’’) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta (‘‘Los misterios de Laura’’) detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute, Flora Gonzalez Villanueva (‘‘Nacho’’) gidoilariaren parte-hartzearekin. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzioa da lana, eta Europa Creativa Media programaren babesa jaso du.

Esan bezala, Malcolm Treviño Sitte aktorea (‘‘Lo nunca visto’’) sartuko da Mahamoud Toure-ren larruan, ekoiztetxeek ziurtatu dutenez, «ikusleen bihotzak bere umore eta abileziarekin konkistatuko dituen detektibe karismatiko eta ohiz kanpokoa» bilakatuz. Aurreratu dutenez, Arretxeren eleberrietan bezala, telesailean ere mota askotako erronka eta misterioei egin beharko die aurre Tourek, eta «adimena eta bere nortasun magnetikoa» erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko. Gaineratu dutenez, Burkina Fasotik etorritako gazteak atal bakoitzean misterio berri baten aurrean aurkituko du bere burua, eta hura argitzen ahaleginduko da, ohikoak dituen molde zenbaitetan zalantzazkoak erabiliz.

FILMAZIOA

Toure detektibearen sagak jarraitzaile andana du eta telesailaren filmazioak interesa piztu du, batez ere Bilbo eta inguruetan, han ari baitira filmazio lanetan. Ekainean abiatu zituzten, eta, aurreikuspenen arabera, irailaren erdialdean amaituko dituzte. Azaldu dutenez, ‘‘Detective Touré’’ telesailean Bizkaiko hiriburuko hainbat leku esanguratsu ikusi ahalko dira, Arriaga antzokia eta sagako ezinbesteko eszenatokia, askotariko jendea bizi den San Frantzisko auzo, besteren artean.

Guztira telesailak sei atal izango dituela ere jakinarazi dute, eta Esteban Crespo (‘‘Black Beach’’) eta Violeta Salama (‘‘Alegria’’) zinemagileek zuzenduko dituzte atalok. 2024an TVEn eta EITBn estreinatuko da telesaila eta «intriga, umorea eta pertsonaia kuttunak» uztartuko ditu.

‘‘Detective Touré’’ da Jon Arretxeren obraren telebistarako lehen egokitzapena. Literatura ibilbidea 90eko hamarkadan hasi zuen Arretxek, eta gaur egun nobela beltzaren egile handienetako bat da Euskal Herrian zein Estatu mailan, batez ere Toure sagak biltzen dituen zazpi liburuengatik. Bere liburu gehienak, jatorriz euskaraz argitaratutakoak, bestseller bihurtu dira Euskal Herrian.