Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
Elkarrizketa
NAROA GOIKOETXEA
Zumaiako patroia

«Liga hasieran Kaiku eta gu geunden lehian, eta orain Zarautz ere sartu da»

Zumaia bigarren da ETE Ligan eta, denboraldiaren erdia baino gehiago osatuta, Kaiku liderra hiru puntura dauka. Naroa Goikoetxea (Ondarroa, 2005) lemazainak nabarmendu du, «oraintxe», liga irabaztea dela helburu nagusia, eta gero, «ikusiko» dutela zer gertatzen den kanporaketetan. Bihar bere etxean, Ondarroan, egingo du arraun (12.00etan).

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Oso estu dago ETE Liga gorengo bi postuei dagokienez. Kaikuk 59 puntu ditu, eta Zumaiak 57. Hasiera batean, eta ezustekorik ezean, litekeena da bi traineru horiek jokatzea Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak. Naroa Goikoetxea “Telmo Deun” ontziko patroi gazteak nabarmendu du Zarautz ere sartu dela lehia horretan, nahiz eta hamahiru puntuko errenta izan. Denboraldiaren erdia baino gehiago beteta, patroiak adierazi du irabazi dituzten bi banderak, Pasai Donibanekoa eta Donibane Lohizunekoa, ez direla «goitik jausi». Sei estropada geratzen dira liga amaitzeko.

Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Hasieratik ikusita Kaiku eta gu hor goian egon garela, balorazioa nahiko positiboa da. Itsasoko estropadetan oso ondo ibili gara, eta azkenean errioan ere bai. Erlojupeko estropadetan, denok baldintza berberetan, uste dut oso maila ona eman dugula.

Zer sentsazio izan dituzue?

Gorabeherak egon dira batzuetan baina, oro har, sentsazioak onak izan dira. Talde moduan oso ondo gabiltza eta hori oso positiboa da.

Bandera irabazi ez duzuenean, bigarren egin duzue, batean izan ezik. Erregularrak izan zareten seinale.

Bai, batzuetan eskutik joan zaizkigu banderak, kaleak-eta ez direlako onak izan. Baina esan daiteke nahiko erregularrak izan garela ligan.

Kaikuk eraman ditu bandera gehien, lau, eta liderrak dira. Lehia estua izaten ari da?

Bai, oso, eta orain azkeneko estropadetan ikusi da Zarautz ere gora altxatu dela. Beraz, liga oraindik eta estuagoa da. Kaikuren kasuan, denboraldiaurretik jada ikusten zen talde berria izan arren oso indartsuak zirela. Ikusten da arraunlariak ondo dabiltzala.

Zarautzek azken bi estropadetan bandera irabazi du. Atzekoz aurrera egin dute?

Bai, hori ere ikusi da. Talde moduan pentsatzen dut ondo egongo direla. Lehen 30 segundo ateratzen genizkien eta orain hor daude borrokan sarturik. Liga hasieran Kaiku eta gu geunden, eta orain Zarautz ere sartu da.

Hamahiru puntura duzue. Zuen burua arriskuan ikusten duzu?

Ez... Orain momentuan ez gaude kanporaketei begira. Guk liga irabazi nahi dugu, bai ala bai. Gero ikusiko da zer gertatzen den kanporaketetan. Baina arriskua beti egon daiteke, ikusi baita irabazi egin dutela.

Lehentasuna, beraz, liga duzue. Eta gero, kanporaketak.

Bai, hori da. Momentuz liga. Gero, kanporaketei begira, denboraldiaurrean ikusi zen Gipuzkoako Txapelketan Hibaikaren aurretik egin genuela eta bai egon garela aurretik. Baina, noski, eurak entrenatzen dabiltza, eta gauzak aldatu egiten dira.

Bihar, Ondarroan. Etxean arrotz sentituko zara?

Bueno… etxean jokatzen duzunean beti pozik zaude. Baina bai, agian pixka bat arrotz sentituko naiz. Arraunlari guztientzat da polita etxean jokatzea; baina gero, bandera astintzea, beste gauza bat da.

Orain arte Ondarroan aritu zara. Nola ikusten duzu ontzia?

Beste talde berri bat da, eta nahiko ondo ari dira moldatzen eurak ere. Harrobitik arraunlari batzuk igo dituzte. Nik dakidanez, eurak oso pozik daude elkarren artean eta ondo ari dira mantentzen postua [seigarren doaz].

Sei estropada falta dira. Zer egin behar du Zumaiak Kaikuri aurrea hartzeko?

Orain arte egin duguna: tokatzen zaigun kaletik arraun egin, dakigun moduan, eta Kaikuri, Zarautzi eta, bueno, azkenean denei, aurre egin. Ez dut uste lortu ditugun bi banderak goitik jausi direnik. Bandera horiek guk irabazi ditugu eta gu egon gara lanean. Uste dut oraindik lor dezakegula beste banderaren bat.