Txina, AEBen jopuntuan
Komunikabide handien eta Hollywooden bidez tai gabe heltzen zaigun Ameriketako Estatu Batuen irudi-garbiketa gorabehera, AEBak gainbehera doaz, poliki-poliki baina badoaz behera. Horrek ez du esan nahi bihar goizean kolapsoa pairatuko dutenik, jakina. Nolanahi ere, azken ehun urteotan nagusitasun militarraren ondorioz nagusitasun politiko eta kulturala mundu osora zabaldu dute eta mundu osoko potentzia indartsuena izan da; izan ere, krisian dagoen mundu hau kapitalismoaren eta AEBen demokrazia-ereduaren emaitza da.
Aurreko mendean, Ronald Reaganek Sobietar Batasunari «Evil Empire» edo «Gaizkiaren Inperioa» deitu zion; mende honen hasieran, George W. Bush (semeak) «Axis of Evil» edo «Gaizkiaren ardatza» deitu zien inperialismoari aurre egiten zioten herrialdeei; terrorismo islamikoa borrokatzeko aitzakiarekin, azken bi hamarkada hauetan Ameriketako Estatu Batuek Libia, Irak, Afganistan, Siria... suntsitu dituzte euren baliabide naturalak xurgatu eta arpilatzeko, demokrazia amerikarraren izenean eta, batez ere, gizenean. AEBek 130 herrialdetan 737 base militar dituzte terrorismoaren aurkako gerraren aitzakiarekin, euren helburu nagusia interes ekonomikoak eta politikoak babestea eta hedatzea direlarik.
Errusia ahultzeko asmoz eta gogoz sustatu eta bultzatu dute Ukrainako gatazka ikaragarria, txotxongilo europarraren jarrera lotsagarriaren laguntzarekin, egunez egun ikusten ari garenez; AEBek jakin badakite ezin direla borrokatu Errusiaren eta Txinaren kontra aldi berean. Washingtonek jakin, badaki, hurrengo hamarkadetan arerio nagusia Pekin izanen dela eta ez Mosku; ados daude horretan demokraten astoa eta errepublikanoen elefantea.
Izan ere, Txinaren aitzinatze ekonomikoaren eta atzerri politika eragingarriagoaren beldur dira AEBak; Txinaren barne produktu indizea (BPI) biderkatu da azken hamazazpi urteotan... bider bederatzi! Txinaren aitzinamendu hori ez da izan AEBen gustukoa, jakina; Pekin ez da otzana, apala eta esanekoa: ez du zertan! Munduko hirugarren herrialderik handiena da, eta munduko jendetsuena, 1.400 milioi biztanle baino gehiago dituelarik; bestela esanda, munduan bizi garen bost lagunetatik bat txinatarra da. Gainera, AEBen ohiko nagusikeriak eta gurasokeriak ez du zeregin handirik Txinako kultura, hizkuntza eta historiarekin alderatuta, askoz ere aberatsagoa eta zaharragoa baita, aspaldiko zibilizazioa izaki.
Poesiaren alorrera mugatuz, ezagun da Txinako poesia liriko oparoa, Jesu Kristo aurreko X. mendean hasita hogeita hamar mendez iraun duena. Izan ere, Txina da poeta gehien eman duen herrialdea eta, beraz, poema kopuru handiena duena. Tang dinastian (618-907) hiru mende luzez 2.300 poeta inguru bizi izan ziren eta haien lan oparotik 48.900 poema baino gehiago gorde dira.
Txinan letradun eta kultua izatea ezinbestekoa izan da Estatuko posturik garrantzitsuenak eskuratzeko bidean. Poesia artearekin loturik zegoenez gero, izangaiaren jakintza literario eta prosodikoarekin zerikusia zuten galderak agertzen ziren azterketa ofizialetan. Estatuko funtzionario izan nahi zuena bertsoak egiteko gai ote zen neurtzen ohi zen. Beraz, gobernariek, nobleek, printzeek edo enperadoreek maiz bertsoak idazten zituzten eta poeta handi izatera ere iristen ziren. Halere, alde negatiborik ere bazuen horrek: lanbide modura hartzen zen poesian ohikoak ziren itxurakeria, panegiriko limurtzaileak, benetakotasun eza eta kontzeptuen hustasuna.
Egun, Txinaren eragina mundu mailan zedarritzea eta oztopatzea AEBen xede eta helburu bihurtu da. Ez da kasualitatea, egun batean bai eta beste batean ere bai, AEBen komunikabideen bidez jasotzea Txinaren kontrako mezuak, iritziak eta (ustezko) albisteak: «Gurutzeak puskatzen dituzte, Bibliak erretzen dituzte, sinestunak espetxeratzen dituzte...», eta, okerrena dena, «AEBen think tank, ikerlariak eta kazetariak jazartzen dituzte» egiten du garrasi administrazio estatubatuarraren goi kargudun batek. Zozoak beleari...
Are, Serge Halimi kazetari frantsesak “Le Monde Diplomatique”-n salatu zuenez, AEBetan droga zabaltzearen errua Txinari egotzi dio administrazio amerikarraren eledun batek, fentaniloa esportatzeagatik AEBetara. Hamaika entzuteko jaioak gara, baiki.
Nolanahi ere, ez dago ezein inperialismo justifikatzeko eta zuritzeko benetako argudiorik.
Halere, Txinaren kontrako kanpaina mediatikoak jarraituko du, kolpez kolpe. Hitzak eta gero datoz ekintzak, eta ekintzek behar dute aldez aurretik iritzi publikoaren aitzinean justifikazio bat, aitzakia bat, diskurtso bat... Izan ere, Errusia ahultzeko Ukraina baliatu -eta suntsitu- duten gisara, Txinari zeharkako eraso bat egiteko, Taiwan baliatzen ahal dute AEBek, bihar ez bada, etzi. Geroak erranen.