Ane URKIRI ANSOLA
EUSKO LABEL LIGA

Urdaibaik koska bat zabaldu du Hondarribiaren etxean kolpea emanda

«Bou Bizkaiak» denboraldiko seigarren garaipena erdietsi zuen 36. Hondarribiko Banderan eta sailkapen nagusian hiru puntuko koska bat ireki du, etxeko ontzia hirugarren postuan helmugaratu baitzen, azken txanpan postu bat irabazita.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, lehen planoan, banderarekin, eta atzean, eskifaia, garaipena ospatzen.
Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, lehen planoan, banderarekin, eta atzean, eskifaia, garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kanpotik hotz baina «barrua bero». Hala bukatu zuen Hondarribiko estropada Urdaibaiko patroi Gorka Aranberrik, denboraldiko seigarren bandera astinduta. Ez zen izan edonolako bandera, aurkari zuzenaren etxean eskuratutakoa baizik, “Ama Guadalupekoa”-ri bi puntu gehiago aterata eta lidergoa are gehiago sendotuta.

“Bou Bizkaiak” irekitako tartea handiagoa izan zitekeen, estropada osoan Hondarribia bosgarren denbora onena markatzen joan baitzen, baina azken txanpan eguna salbatzeko asmo zuzenarekin bi postu errekuperatzea lortu zuen -ehuneneko gutxigatik- eta hala, puntu galera ahalik eta gehien minimizatzea lortu zuen. Hain zuzen ere, Urdaibaik egin zuen hori bera joan den astean Santurtziko estropada eremuan, eta atzokoan paperak trukatu zituzten.

Hasi eta buka, nagusi izan zen Bermeoko ontzia, baina bandera irabazteko emozioa azkenera arte egon zen, azken txandan haize bolada indartsuagoak sartu eta Oriok egindako estropada txukuna oso kontuan hartzekoa izan baitzen. Gorka Aranberrik berak ere zalantza asko zituen ohorezko txandan banderaren garailea aterako ote zen, baina «hirugarren luzean haizea pixka bat apaldu zenez» oriotarren denbora hobetzea lortu zuten, bost segundoz. “Mirotzak” ohorezko txandan arituko dira gaur, Lekeition, itsaso bizi-bizian, atzo «denboraldiko estropadarik onena eta konpletoena egin» ostean, Jokin Etxegarairen esanetan. Bandera astintzeko aukera mahai gainean egon zen, baina «hobe da hankak lurrean izatea; amestea polita da, baina errealitatea ere ikusi behar dugu. Guk gurea egin dugu eta pozik gaude», adierazi zuen.

HAIZEA ZAKARTU

Hondarribiko estropada eremua ere bihurria izan ohi da eta atzo ez zen gutxiago izan. Itsasoa bizitu eta haizea indartu egin zen, eta horri batu behar zaio Urdaibai laugarren kalean aritu zela eta Hondarribia lehenengoan, hasiera batean eskasena dena. Dena dela, Aranberrik ondo esan legez, kale onak ere aprobetxatzen jakin behar da eta horixe egin zuten bizkaitarrek, aurkariei aukerarik eman gabe.

Agerian da ligako trainerurik indartsuena dela, hamar bandera jokatuta sei astindu baititu “Bou Bizkaia”-k, bi Hondarribiak, bat Donostiarrak eta beste bat Zierbenak, atzo ere oso dotore arraun eginda.

SANTURTZIREN KALAPITA

Sailkapenaren goialdean ez ezik, behealdean ere bazegoen zerbait jokoan eta Santurtzik adio esan zien salbatzeko aukera ia guztiei. Egindako lan dena zaborrontzira bota zuten azken luzean, Kaikuren kalean sartu eta arraunek modu nabarmenean elkar ukitzean. Epaileen lehen abisuari jaramonik egin ez eta azkenean, kolpea saihetsezina zenean, bandera berdea erakutsi zioten “Sotera”-ri. Lehen txandan denbora onena egiten ari zen eta Kaikuk bere kalea defendatu zuen. Hala, azken lau jardunaldietan Santurtzi protagonista izan da hirutan, baina modu txarrean, eta horrek talde barnean hautsak harrotuko ditu. Atzo ez zuen punturik batu eta Ondarroa, salbazioa markatzen duen azken taldea, 12 puntura aldendu zaio, zazpi estropada puntuagarriren faltan.

Kalapita handiagoa izan zitekeen, une batez Samertolameuren denbora Lekittarrarena eta Caborena baino hobea baitzen. Azkenean, baina, Meirako ontziak bi puntu besterik ez dizkio jan sasoiaren bigarren zatia luze egingo zaion Soterari.