Surflari ernegatua

Abecedarians

Olatu handi batek azpian atzematen zaituenean, ez dago zer eginik, alferrik da birrintzen ari zaizun energiaren kontra borroka egitea; ahalik lasaien, jipoia noiz amaituko itxaron behar da. Zurrunbiloak askatzen zaituenean bakarrik has zaitezke gain azalera igotzeko indarrak xahutzen. Esperientzia hori bizi izan ez duenari zaila da azaltzea, nola segundo gutxian gorputza xehatuta geratzen den. Jipoia jaso aitzin sasoian egon zaitezke, eta sei segundo geroago besoak mugitzeko ere zailtasunak izan ditzakezu. Horregatik, olatu handietan garrantzitsuena lasaitasuna da. Ur azpian itzulipurdika gaudenean, denborak eta espazioak zentzua galtzen dutela dirudi, eta une horri bakoitzak bere modura aurre egiten dio. Batzuk zenbatzen hasten dira (1, 2, 3,..), beste batzuk ehundik abiatzen dira (101, 102,...), eta badira atzekoz aurrera zenbatzen dutenak, eta, adibidez, olatuen arteko tartea 15 segundokoa bada, hamabostetik behera abiatzen dira; baina bigarren olatu batek ur azpian atzemateko adina zenbatzen badugu, estrategia oro ahaztu eta gain azalera igotzeko borrokan hasten gara sarri, egin daitekeen gauzarik txarrena dela jakin arren. Biziraupen instintua.

Surflari batzuk ezagutzera ematearekin batera, munduko leku ezkutuetako olatu bikainen irudiak azaltzen zituzten 90eko hamarkadako surf filmek, eta denek eskaintzen zioten zati bat olatu handietako irudiei. Atal bakoitzaren hasieran izenburu bat eta surflarien izenak agertzen ziren, baina olatu handien atalean surflariak sarri ez ziren ezagunak; horregatik, adjektibo bat erabiltzen zen, esate baterako, “gerlariak”, “zaldunak” edo “ehiztariak”, eta bazen izenondo bat surflaria ez denarentzat ulergaitza izan daitekeena: “the abecedarians”, alegia, ur azpian bueltaka zeudenean, abezedarioa errepasatzen zutenak, a,b,c,d,e...