Urtzi URRUTIKOETXEA

Abortu eskubidearen aldeko garaipen garrantzitsua, AEBetako Ohio estatuan

Ohioko boto emaileek bultzada garrantzitsua eman berri diote abortu eskubideari. Datorren azaroko hauteskundeetan galdeketa egingo dute AEBetako estatu horretan, haurdunaldia eteteko aukera 24 astera arte babesteko. Baiezkoa nagusituko delakoan, agintari errepublikanoek joko arauak aldatu nahi izan dituzte, baina herritarrek ezetz esan diete.

AEBetako Auzitegi Gorenarean aurrean egindako aborutaren aldeko mobilizazioa.
AEBetako Auzitegi Gorenarean aurrean egindako aborutaren aldeko mobilizazioa. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

AEBetako Auzitegi Gorenak iazko ekainean herrialde guztian indarrean zegoen babes konstituzionala ezabatu zuenetik, estatu kontserbadoreenek neurri oso zorrotzak hartu dituzte, praktikan aborturako aukerak debekatuz. Horien artean dago eliza protestanteek indar handia daukaten Ohio estatua. 2022ko ekainean epaileen erabakia irten eta astebetera, kasu, bederatzi urterekin bortxatu zuten hamar urteko ume bati abortatzea debekatu zioten eta aldameneko Indiana estatura joan behar izan zuen haurdunaldia etetera.

Horrelakorik berriz ez gertatzeko, estatuko Konstituzioa aldatzea proposatu dute: neurri bat Konstituzioan txertatuz gero, unean uneko Ganberek ezin dute arau hori urratzen duen legerik onartu. Eta 50 urtez indarrean egon zen babes konstituzional orokorra (AEB osorako zegoena) Donald Trumpek izendatutako epaile eskuindarrek amaitu zutenez, estatuetan progresistek baino ez diote eutsi abortu eskubide orokorrari. Datuek erakusten dutenez, ordea, errepublikanoen alde bozkatu ohi duten lekuetan ere herritarrak ez datoz bat hilabeteotan onartu dituzten debeku orokorrekin.

Politikariak herritarren iritzietatik urruntzen direnean, herritarren txanda izaten da arazoari heltzeko. Horregatik, herri ekimena abian jarri zuten udaberrian, abortu eskubidea kodetzea eskatzen duen konstituzio aldaketa bati buruzko erreferenduma eskatzeko. 400.000 sinadura behar zituzten uztailerako, 700.000 baino gehiago behar zituzten. Galdeketa gerarazterik ez zegoela ikusita, Ohioko agintari errepublikanoek joko arauak aldatzea proposatu zuten: erreferendum batean galdetzen zenak aurrera egiteko, aski ez izatea baietzak ezetzak baino gehiago biltzea, botoen %50+1, alegia. %60raino igo nahi izan dute langa. Horretarako argudioa zen, estatuko arau nagusian (Konstituzioan) aldaketak sartzeko, gehiengo handiagoak behar direla. «Konstituzioak oinarrizko eskubideetarako eta luze-zabal mantentzen diren iritzietarako daude, ez %51en babesa izan dezakeen auzi eztabaidagarrietarako», argudiatu zuen Frank LaRose, Ohioko estatu idazkari errepublikanoak.

Errealitatea da, ordea, XX. mende hasieratik 19 aldiz baino ez dutela herritarrek bozkatu aldaketa konstituzional baten alde; beste 52 aldietan neurriaren aurka egin dute. Egiaz, mundu guztiak ulertu du asteon bozkatutako proposamena abortuari buruzko erreferendumak ekarri duela: inkesten %58-59 inguruko garaipena iragartzen zaionez, langa %60raino igo. Abuztuan egin ohi diren hauteskunde primarioetan sartu zuten gaia, azken urteotan parte hartzea oso apala izan zela jakinik. Baina herritarren erantzuna oso handia izan da: hiru milioi boto baino gehiago izan ziren asteartean boto kutxetan, eta %57k ezetz esan zioten errepublikanoek proposatutako joko arauen aldaketari. Hau da, azaroan egingo duten galdeketan aski izango da botoen %50 baino gehiago izatea abortu eskubidea babestearen aldeko botoak, arau hori Ohioko konstituzioan txerta dadin.

«DEMOKRAZIAK IRABAZI DU»

Joe Bidenek errepublikanoak kritikatu eta Ohioko herritarrak zoriondu ditu: «Neurri hau hautesleen ahotsa ahultzeko eta emakumeek osasun zaintzaz erabakitzeko askatasuna are gehiago mugatzeko saiakera isila izan da. Ohiotarrek ozen eta argi hitz egiten dute, eta demokraziak irabazi du».

Ohioko hiri progresistetan ez eze, errepublikano bozkatu ohi duten alde batzuek ere ezetz esan zieten agintariei asteartean. Batetik, herritarren parte hartze eskubidea nabarmen mugatuko lukeelako proposatutako neurriak. Bestetik, estatubatuarren gehiengoa ez dagoelako ados kristau integristenen mende agintari errepublikanoak inposatzen ari diren abortuari buruzko debekuekin. Duela urtebete Kansas izan zen lehena; errepublikanoen gotorlekua izanda ere, abortu eskubideari eustearen alde bozkatu zuten. Gero, azaroan, beste bost estatutan egindako galdeketetan ere abortatzeko aukeraren aldekoak gailendu ziren.