Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren zubiak

Doinu eta melodien elkarguneetan, kantuen xirripen ubideak gurutzatzen diren intersekzioetan galderak daude. Zer den jatorrizkoa, zein den jatorrizkoaren ondoan ukurtuta eta herresten dabilen musika leloa. Non dagoen kopia, non mutazioa, non lehen nota xahua, non zikin lohitua. Ba al dago doinuen ohoinik, aurpegira esateko musikari horri lapur alena? Musikaren elkarguneetan gabiltza, denak dira errekatxo, non musikariek zubiak eraikitzen dituzten elkarren artean, noiztenka aurka. Nor den lehena, nor aitzindaria eta nor haien meneko edo piririka dabilena denok zorabiatu arte, nor baino nor, urlia dotore badoa, berendia pinpirinago. Musikaren elkarguneetan ere larrutzen. Musikaren eszenaren elkarguneetatik lekora, musikariak ere plazera bilatu nahi dio bere sorkuntzari. Musikariak bederazka dakizki sortutako erritmoak, burua maiz tenkatu behar du, eta igurtzi aiduru gelditu gabe, sormena noiz etorriko zain, bestenaz lanjer du ahantzirik gelditzeko. Begietako makarrak goizero kentzen diren ber, abantada ematea ideiei egunerokotasunean sortutako mezu edo doinuak kurruskariak izan daitezen, eta ez maskalak edo goma antzekoak, melodia urin eta koipetsuetatik urruti. Dena komertzializatu eta manipula daiteke, baita doinuak ere oihartzun handienaren bila. Eta nor ez dago prest “hit” bat sortu eta grabatzeko? Trebezia behar da, gogoa, burua. Zeinahi musika erritmori plazera bilatzeko gai gara geure izatasunean.