JOSEBA SALBADOR

Bizkaiko Andre Mari eta San Roke jaiak kostaldetik herrialde osora zabalduko dira

Andre Mari eta San Roke jaien txanda iritsi da Bizkaira. Asteburuan, Ondarroa, Algortako Portu Zaharra eta Portugaletetik hasita, herrialdera zabalduko dira: Meñaka, Gernika, Larrabetzu, Mañaria...

Gaur hasiko dira jaiak Ondarroan.
Gaur hasiko dira jaiak Ondarroan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ondarroako egitaraua gaurtik datorren eguenera arte (abuztuak 17) luzatuko da. Aurten, omenaldia egingo diote Inma Laka Guenagari, bere bizitza osoan herriko kulturgintzan egin duen borondatezko lana eskertzeko. Omenaldia, ohikoa den bezala, abuztuaren 14an egingo da, gauerdian, ikurrinaren igoerarekin batera.

Astelehenean Amnistia eguna ospatuko da, martitzenean, Andre Mari eguna, eguaztenean, Kuadrilla eguna, eta eguenean, Arrantzale eguna. Andre Mari egunean, iaz etorri ezin izan zuen Mutrikuko Musika Bandaren emanaldia izango da, eguerdian, eta gauean, suak.

Algortako Portu Zaharrean ere gaur hasiko dituzte jaiak, eguerdiko 12.00etan egingo den txupinazo eta umeen kuadrillen jaitsierarekin. Helduen txupinazoa eta kuadrillen jaitsiera 17.00etan izango dira.

Lau egunez luzatuko dira, eta musikari dagokionez, honako talde hauen emanaldiak iragarri dituzte: Arrakala, Xume, Nazka Anubis SA eta X Sakara (gaur); STR, Kai Nakai, Aurah Sin eta Drag Party (bihar); eta Dance gaua (USB music) eta Nonbait erromeria.

Portugaleten San Roke jaiak ospatuko dituzte astelehenetik aurrera, baina asteburu honetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, horien artean, igandeko txosnero eguna: eguerdian bertso saioa eta paella lehiaketa izango dira, arratsaldean, umeentzako fruta tailerra, eta iluntzean, erromeria Zirkinik Bez taldearekin.

Gastronomia lehiaketez gain, Bulego, Los Secretos eta El Drogasen emanaldiak izango dira, besteak beste.

Larrabetzun Andre Mari jaiak ospatuko dituzte astelehenetik aurrera, baina zenbait ekitaldi izango dituzte asteburuan: futbol txapelketa, herri afaria, ondorengo kantu saioa eta “talentu lehiaketa”.

Meñakan ere astelehenean hasiko dira jaiak eta domekara arte luzatuko dira. Aste osoan zehar ez dira faltako Santillandira igoera trikitilariez lagunduta, herri kirolak, pilota, bertso poteoa eta herri bazkaria.

Gernika-Lumon ere astelehenean hasiko dira. Egitaraua hurrengo zapatura arte luzatuko da (abuztuak 18), eta bost egun horietan ez dira faltako dianak, gargantua, euskal kantak, goitibeherak, bertsolariak, Gernikako garrafie eta txistorra dastaketa, Sukalki Txapelketa, larrain dantzak, herri kirolak, zezensuzkoak eta mozorroen desfilea.

Mañarian, bukatzeko, astelehenean botako dute txupinazoa, eta hiru eguneko egitaraua den arren, oso trinkoa izango da. Kontzertu indartsuak izango dira: Delirium Tremens, Zopilotes Txirriaos, eta DJ Pitxitxi.