Yasmine KHRIS
Itzultzailea
JOPUNTUA

Miseriaren bilduma bat

Iritzi zutabe hau Kim Phuc izenarekin idazten hasten banaiz, ez dakit denon gogora helduko den erreferentzia. Aldiz, napalmak erretako neskarena, biluzik korrika egiten duen neskatoaren zuri-beltzeko argazkia agian bai, Vietnameko gerrako irudirik (zoritxarrez) ospetsuena. Halaber, Steve McCurryren argazkirik famatuena galdetuta, akaso erantzunik gabe geratuko litzateke galdera, baina “neskatila afganiarra” aipatzean, 1985eko National Geographic aldizkariaren argazkia, ziurrenik identifikatuko duzue: belo gorria, begi berdeak, Afganistango sinboloetako bat.

Izan ere, argazki batzuek, edo hobeto esanda, haien “ezizenek” moldatu zuten gure imajinario kolektiboa, eta erreferentziak global bihurtzean, jatorrizko izenak desagertzen dira. Pertsonak ere bai. Historiako ikasliburuek asko egin zuten horretan, jakina. Honek eramaten nau galdetzera zein izanen diren erreferentzia fotografikoak 50 urte barru. Interneten tekleatuko al dute “Haurra hilda hondartzan” (itzulpena: Aylan, Turkiako hondartza batean ito zen hiru urteko mutiko kurdua, hainbat errefuxiatu bezala Europako ateetan) edo “Palestinarra bandera borroka kea”? - barka lengoaia telegrafikoa, gako-hitzak nahiago ditu Googlek - (itzulpena: Mustafa Hassona argazkilariaren lana, gazte bat borrokatzen Gazan, Askatasuna, herriaren gidari, Delacroix-ren margoaren oso antzekoa).

Azken finean, argazki horiek miseria bilduma bat osatzen dute. Hau da, eskema berbera segitzen dute: haurrak lehenbiziko planoan, aurpegi oso deigarria, eta mendetasun harreman bat. Dominazioa. Alegia, Ekialdea Mendebaldetik ikusita (gogora dezagun neskatila afganiarraren argazkia “Hirugarren Munduko Mona Lisa” izendatu zela). Feminismotik male gaze ikasi dugu, hau da, emakumea ikuspegi maskulino heterosexual batetik irudikatzea. Arteari dagokionez, occidental gaze erabiltzen ahal dugu? Bai, badakizue oso ongi: gure lagunak Malaysiara edota Madagaskarrera oporretan joaten direlarik, eta ondotik, Instagramen publikatzen dituztelarik haurren argazkiak. Miseriaren bilduma hutsa, erakusketetan edo gure sakelakoetan.